- Urtearekin batera Bilbo Hari Gorria dinamika abian jarri duzue. Zertan datza?
Bilboko Hari Gorria Bilboko efemeride politikoak lantzen dituen dinamika bat da, azken 150 urtetako tartean kokatuta. Etxebarrieta Memoria Elkartearen bilakaera jarraituz, memoriaren ikuspegia zabaldu nahi dugu dinamika honekin, Gatazka armatuari, edo Estatuaren eta ezkerra abertzalearen arteko talkari lotutako efemerideak landu ez ezik, Bilbon eragina izan duten gertakizun guztien dibulgazio bat landu dugu ikuspuntu abertzale eta sozialista batetik.
Horregatik saiatzen ari gara hainbat gai lantzen ikastolen sorrerak, lehendabiziko euskara aldizkari edo egunkariak, gai ezberdinetako borrokak, borroka ekologista, langile borroka… efemerideen barruan era zabalago batean memoriatik kokatzen.
- Zein da helburua?
Dibulgazio- helburua dugu, hau da, ahaztuta ditugun gertakari asko berriro ere gaur egunera ekartzea. Askotan pentsatzen dugu Bilbo ez dela hiri euskaldun bat, erdalduna dela, eta hein handi batean hala da, baina euskaraz egin ziren lehenengo argitalpen, aldizkariak, egunkariak, ikastolak… Bilbon izan ziren. Bilbo jada ez da hiri industrial bat, baina hemen meategiak, meatzarien grebak eta langile borrokak izan genituen, eta gaur egun gure Bilboko iruditegitik kanpo ditugu. Horregatik, Bilbok izan duen bilakaera ekarri nahi dugu.
- Beraz, 1875ean hasi zarete. Zergatik data hori?
Hasieran zalantzatan egon ginen XX. mendea hartzearekin (1900-2000) baina aurreko 25 urtetan gertatutako hainbat gertaera kanpoan geratzen zirela uste genuen, batez ere, gatazka politikoari lotutakoak. Horregatik, ondoren erabaki genuen 1900-2025 urte bitartea hartzea.
Baina, efemerideak bilatzen hasi ginenean, konturatu ginen nazionalismoaren sorrera, industrializazioaren sorrera, eta lehen langile mugimendua ere kanpoan geratzen zitzaizkigula. Beraz, azkenean, 1875-2025 urte bitartea erabaki genuen: 150 urte guztira. Azken finean, uste dugu urte horiek direla Bilbo garaikidea konfiguratu dituztenak.
- Dinamikaren izena: Bilbo Hari Gorria. Zergatik izen hori?
Orain dela bizpahiru urte Bizkaia Hari Gorria deitu zen dinamika bat burutu zen 1936ko gerrari lotuta, Bizkaiko herri ezberdinetako memoria elkarteek eginda. Oso lotuta egon zen bando nazionaleko tropak Bizkaian sartu eta Bilboren erorketarekin. Orduan, guk izena kopiatu dugu: Bizkaia Hari Gorritik Bilbo Hari Gorrira.
Alde batetik, hariaren metafora erabili dugu hariak esan nahi duelako gaur egun bizi dugun testuinguru politikoa etengabe moldatzen delako, azken urtetan emandako gertakari guztien prozesu bezala ulertuta. Bestetik, gorria kolorea, garrantzi handia emanez urteetan zehar eman diren borroka sozial, langile borroka guztiei. Laburbilduz, gaur egun bizi dugun testuingurua urtetan zehar emandako borroka ezberdinen ondorioa dela sinbolizatu nahi dugu.
- Mobilizazio historikoak, errepresioak… Nolakoa izan da dokumentazio hori bilatzea?
Aitortu behar dugu dibulgatzen ari garen informazio gehiena gure aurretik jende askok egin duen lanari esker dela. Lan hori sakabanatuta dago: langile mugimenduaren inguruko liburuak, LABek sare sozialetan dituen efemerideak, Euskal Nazionalismoari eta EAJren sorrerari lotuta, Sabino Arana Fundazioak duen dokumentazioa, Egunkarietako hemerotekak, Naiz artefaktuak duela gutxi egin duen dinamika, Argia aldizkariko efemerideen dinamika… Honetaz aparte, liburuetatik ere informazioa landu dugu. Hau da, Internetetik beste batzuk egin dutena hartuz eta liburu batzuk irakurriz pilatu dugu informazioa.
Hala ere, oraindik jarraitzen dugu bilaketarekin. Sare sozialak programatzen dituen aplikazio batekin funtzionatzen dugu. Oraintxe bertan, hemendik eta maiatzera bitarteko efemerideak ditugu programatuta, baina gero egunean bertan egin beharreko lan bat dago gaiaren arabera efemeridea zabaltzeko.
- Orduan, egunero igotzen duzue?
Bai, egunero daude efemerideak. Egia da batzuetan kostatzen duela eta egun batzuetan publikatzen ditugun efemeride batzuk agian ez dute efemeride kategoria. Horiek, gehiago dira anekdotikoak edo gertakari xumeak. Baina bai, informazio pila bat dago.
Horretaz aparte, norbaitek zeozer ezagutzen badu, asko eskertzen dugu laguntza hori; nahikoa da edozein ekarpen sare sozialetatik edo korreora idatzita (memoriaelkarteaetxebarrieta@gmail.com). Gertatu izan zaigu hainbeste data izanda, hanka sartzeak egitea eta kasu horietan ere idatzi digute. Irekita dago edozein parte hartzea. Pozik ikusiko genuke. Bururatu izan zaigu noizbait web orrialde bat egitea edota bestelako datu base bat zazpi-zortzi urte hauetan egin dugun guztia biltzeko.
- Gutxi gorabehera, noiz arte egongo zarete hau egiten?
Hasieran adostu genuen urtebeteko dinamika izango zela; 12 hilabetez, egunero efemeride bat igotzea. Batzuetan egun berean hiru edo lau efemeride pilatu zaizkigu, orduan ez dakigu hurrengo urtean jarraituko dugun egun solteetan efemerideak publikatzen edo egin dugun artxibo lanarekin, beste era batean planteatu: euskarari lotutako Bilboko efemerideen urteko lanketa, langilean mugimenduari lotutakoak… Ez dakigu oso ondo zelan jarraitu, aurrerago pentsatu beharreko kontua da.
- Amaitzeko, zeozer gehiago gehitu nahi duzu?
Etxebarrieta Memoria Elkarteak bilakaera izan du urteetan zehar, kide ezberdinekin eta momentu honetan ere guztiz irekita gaude edozein motatako ekarpenei, laguntzari, parte hartzeari… Gainera, Alde Zaharretik Bilborako jauzia eman nahi izan dugu, eta honetan parte hartu nahi duen edonork ateak zabalik ditu sartzeko, laguntzeko eta ekarpena egiteko.