Euskaraz kontsumitzeko aukerak murriztu dituzte zinema aretoetan

uriola.eus 2025ko mar. 6a, 09:39

Pantailak Euskarazek, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Zinemak Euskarazek egindako prentsaurrekoa | Egilea: Pantailak Euskaraz

Pantailak Euskarazek, Zinemak euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu dute Euskal Herriko zinema aretoetan euskarazko estreinaldien kopurua oso baxua dela, %1,6koa. Neurriak eskatu dituzte eta herritarrak salaketak jartzera animatu dituzte.

Pantailak Euskarazek, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Zinemak Euskarazek aztertu dituzten datuen arabera, 2024an, Euskal Herriko zinema areto komertzialetan euskaraz estreinatu diren filmak %1,6koa izan dira soilik. Hego Euskal Herrian, euskarazko estreinaldien kopurua %2,6koa izan da, eta Iparraldean, berriz, %0,4koa. Euskarazko jatorrizko filmak bakarrik bi izan direla ere jakinarazi dute: Josu Martinezen Bizkarsoro eta Negu kolektiboaren Negu Hurbilak. HegoaldeTan, David Perez Sañudoren Azken Erromantikoak filma ere estreinatu da euskaraz. Gainera, haurrentzako 11 nazioarteko film euskarara bikoiztuta ikusi ahal izan direla ere azaldu dute, baina hauek Hegoaldean soilik.

Diotenez, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, film guztiak gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita eskaini dira. Iparraldean, berriz, frantsesez edo frantsesez azpidatzita ikusi ahal izan dira filmak. 2024an Euskal Herrian estreinatu diren 900 film baino gehiagotatik, soilik 14 euskaraz ikusgai izan direla adierazi dute. Horien artean, jatorriz euskarazko 3 film daude: Bizkarsoro, Negu Hurbilak eta Azken Erromantikoak. Gainera, haurrentzako 11 film euskarara bikoiztuta estreinatu dira Hegoaldean, hala nola Patrick, Museoaren zaindariak eta Dragoi jagolea.

Iparraldean, euskarazko estreinaldiak ia ezinezkoak izan direla argitu dute Pantailak Euskarazek, Zinemak euskarazek eta Hizkuntz eskubideen behatokiak. Hala ere, Baionako L’Atalante zinemak Euskal Zinema Korner programazio berezia abian jarri duenez, urtean zehar euskarazko film gehiago ikusi ahal izan direla komunikatu dute. Euskarazko filmek izan duten emanaldi kopurua ere oso baxua dela argitu dute. Aztertu dutenez, 2024an Euskal Herriko zinema aretoetan egondako 197.000 emanaldietatik, 166.000 gazteleraz izan dira, 29.000 frantsesez, eta 1.800 baino gutxiago euskaraz. Hau da, emanaldi guztien %0,9 soilik euskaraz izan dira. Euskal Herrian ekoitzitako 15 filmetatik, 3 soilik izan dira euskarazko ekoizpenak, eta beste bi elebidunak. Jakinarazi dute 2024ko 10 film ikusienen artean, bakar bat ere ez dela euskaraz bikoiztuta edo azpititulatuta ikusi.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek salatu dute euskaraz kontsumitzeko eskubideak ez direla bermatzen. Iparraldean, Frantziako Estatuak euskaldunei ez diela inolako eskubiderik aitortzen diote. Hegoaldean, EAEko eta Nafarroako legeek euskararen sustapena eta babesa bermatzen duten arren, praktikan hori gertatzen ez dela ere azpimarratu dute. Erakunde publikoen ardura dela diote, herritarren hizkuntza eskubideak zineman ere babesteko neurriak hartzea. Euskarazko ekoizpenak, bikoizketak eta azpidatziak bultzatzeko baliabideak handitu behar direla aldarrikatu dute.

Euskaraz kontsumitzera animatzeko deia

Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko filmak kontsumitzera animatu nahi dituzte herritarrak. Horretarako, ZerNonIkusi.eus webgunea eta ZNI aplikazioa erabil daitezke euskarazko eskaintza egunean egoteko. Gainera, euskarazko aukerarik ez dagoenean, salaketak jartzeko deia luzatu dute www.euskararentelefonoa.eus  bidez.