Bilbon inauteriak ez, aratusteak ospatzen ditugu

Artzai Goieaskoetxea 2025ko mar. 8a, 16:14

 

Bilbon inauteriak ez, aratusteak ospatzen ditugu. 1979 urtean berreskuratu genituen gure hirian aratusteak eta aurtengo edizioa amaitu berri dugun honetan, aste hauetako lujuria eta dibertimenduak burura ekartzea dagokigu orain. Ikus dezagun nondik gatozen nora goazen jakiteko.

1515 urtean, Diego Perez de Arbolantza zen Bilboko alkatea. Hiritarren ezinegona nabaria zen uriko kaleetan, merkatal gremio berriek oraindik kutsadura gehiago sortzen baitzuten dagoeneko zikin zeuden kaleetan eta horrek osasun arazo larriak eragiten zituen. Hiriko sindikoak hau eta beste hainbat kezka eta kritika bildu eta gutuna bidali zioeten alkateari. Honek ezikusia egin zuela ikusirik, Santiago elizako portikoan biltzen zen udal taldeari koplaka hasi zitzaion herria udalbatzaren bilkura erdian.

2025ean, 510 urte geroago Juan Mari Aburto dugu alkate. Bilbo ezberdina dugu gurea, baina oraindik badaude osasun arloko eztabaidak gure kaleetan. Eztabaida hau eta beste aunitz biltzen dira urtero Bilboko Konpartsek antolatzen duten aratusteetako Kopla Txikien Lehiaketan, aurten X. edizioa ospatu dutelarik. Gaur egun, Kafe Antzokian ospatzen da ekimen hau eta aretoa goraino betetzen da koplen bitartean eta baita ondorengo kontzertuan ere.

Ostegun gizenean, Farolin eta Zarambolasek beraien ezaugarri izango ziren maskarak eskuratu zituzten aurreko urtean pertsonai hauek irudikatzeaz arduratu ziren kideengandik. Farolin eta Zaranbolas Bilboko aratusteetako pertsonai nagusiak dira, Aste Nagusian Txupinera eta Pregoilaria diren bezalaxe. Farolin bilbotarra da, Bilbon bertan jaioa izan ez arren, bere jardun profesional edo publikoagatik harrotzen dena, eta gainera beti haizez beterik dabilena mundu guztiari esaten bera “Botxokoa” dela. “Semper Plus Ultra” da bere lelo nagusia. Zaranbolas Bilboko pertsona bat da, ezerk ozpindu edo bizitza aldaraziko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duena, “Carpe Diem” da bere bizimodua ondoen adierazten duen goiburua. Aurten, Oihana Bartrak eta Josu Kamarak izan dute bi kide hauek irudikatzeko ohorea eta egun honetan hasi zen beren astebeteko bidaia zirraragarri bezain eroa. Eguna batukada, antzerki eta elektrotxarangez girotua egon zen eta bilbotarrek beso zabalik hartu zituzten 2 kideak.

Ostiral argala, epaiketa eguna bezala ezaguna da gure hirian. Azulitoan sarturik, udaletxetik abiatu ziren Farolin eta Zaranbolas Arriaga plazarantz eta bertan, 1984tik egiten den legez, Oihana eta Josu atxilotuak izan ziren eta kaiolan sartuta eraman zituzten aratuste pertsonaiek bi kideak Plaza Berrira. Bertan, Bilbok dituen pertsonajerik xelebreenek beren argudioak eman zituzten eta azkenean, Farolin eta Zaranbolas izatearen bekatu larriagatik eskarnio publikora kondenatuak izan ziren Oihana eta Josu. Epaiketa Bilbotarrok ondoen dakigun moduan izan zen, kantuan. Izan ere, kantatzen duen hiria da gurea, eta baita bekatu aitorgarriena ere. Biztanleriaren azakadak jaso ostean, eszenatokian Altxa Porrue konpartsak beren kopla irabazlea abestu zuten bertaratutakoen laguntzaz.

Honekin heltzen gara larunbat handira, aratusteetako egun nagusira. Goizeko 12ak puntuan ireki zen jaigunea plaza biribilean eta Bilboko urarekin brindisa egin ostean, jaiak eztanda

egin zuen. Dantza, barre eta argazki artean, Bilbotarrek kaleak hartu eta giroaz gozatu zuten fanfarriek, konpartsen bozgorailuek eta programaturiko ekintzez gozatuz. Arratsaldean, mozorroen kalejira handia egin zen kale nagusian zehar eta bertan egun gizartean ditugun hainbat gatazka islatuak izan ziren mozorro ikusgarrienekin lagundurik, Bilbotarrok badakigu eta ezbeharrei irribarrez hortzak erakusten. Areatzako kioskoan ospatutako erromeriak ere jendetza bildu zuen eta bakoitzak bere dantza pausu debekatuak erakusteko aukera izan zuen. Eguna sari banaketarekin amaitzen da askotan, baina aurten Kaskagorrik 7 katu gaztetxea zabaldu zuela aprobetsatuz, jende andana bildu zen erronda kalean ditugun eskaileretan gora.

Igandea aje eguna izan ohi da Bilbon eta indaba ta torrada lehiaketak amenizatzen du goiza. Aurten ordea, lagun berri baten aurkezpena ere izan dugu, hemendik aurrera Bilboko txikienekin jolasean ibiliko dena, Madriles buruhandia. Madriles, Bilboko Alde Zaharrean bizi zen eskalea zen, oso maitatua bizilagunen artean. 1983ko uholdeetan hil zen ordea, eta aurten konpartsek homenaldi hau egin diote gazteenek ere ezagutu dezaten.

Bilbon aratusteak asteartez amaitzen dira. Plaza berrian kandela ta txokolatezko sardinen artean, agur esaten diogu gure sardina maiteari. Doluz jantzirik eta tristuraz beterik, prozesioan laguntzen diogu Arriagaraino eta bertan sua ematen diogu, bekatu eta lujurien garaia amaituz, Aste Nagusirarte behintzat, hiri hontan ez baidakigu bekaturik gabe bizitzen.