Trantsizio feministan urratsak emateko hautua egin genuenetik urte luzeak igaro dira; testuinguru politikoa aldatu da, jendartea aldatu da, feminismoa aldatu da, gu aldatu gara. Inoiz helduleku bakarra izan dugula esatea ausartegia litzake, akaso. Baina oinarrian, Euskal Feminismoa izan dugula badakigu, eta egun ere, helduleku horri tiraka gabiltza etorkizuna aurreikusi eta nahi dugun eran eraikitzeko.
Feminismoak ematen dizkigu datorrenari aurre egiteko tresnak, bizi dugun testuinguruaren gaineko analisiak egiteko teoriak eta ideologia borrokatzeko oinarriak.
Eskuin muturraren eta jarrera erreakzionarioen gorakada bizi dugun garaiotan, politika neoliberalak ezartzen ari diren honetan eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista, arrazista eta koloniala birfundatzen ari denean bi baieztapen egin ditzakegu; lehena emakume* eta gorputz disidenteok etsaiaren jopuntuan gaudela are nabarmenago, eta bigarrena, desberdinkeria areagotzen ari dela.
Faxismoaren gorakada, ordea, ez da soilik eskuin aldetik iritsi. Feminismoaren aurkako posizio gisa eta euren burua pribilegioak galtzeko arriskuan ikusi dutenak ere oldartu dira. Ezker aldeetan ere badugu nori eta zeri aurre egin.
Sarri esan dugu zapaldu bezain zapaltzaile garela onartzea abiapuntu egokia litzakeela munduari begiratzen diogun lekua definitzeko. Eta oraingo honetan ere hala egiten dugu eraiki nahi dugun herria irudikatzeko. Abiapuntu horretatik eraiki nahi ditugu aliantzak, eta inoiz baino argiago dugu aliantzak ditugula ezinbesteko helduleku.
Askotariko dimentsioei erreparatzen diegu; etxebizitza, enplegua, hizkuntza, osasuna, gobernantza ereduak, kultura, aisia, lana, kontsumoa… Ez dimentsio isolatu gisa, gurutzaketa etengabean askotariko ardatzetan zapaltzen gaituzten elementu gisa baizik.
Egun bizi dugun sistemak ere hala funtzionatzen baitu; bere horretan mantentzeko dituen mekanismoek elkarloturik funtzionatzen dute. Egitura bat osatzen dute. Askotariko egituraz osatutako egitura bat. Denbora eta espazioaren arabera berrantolatzen dakiena. Gure gorputz eta bizitzetan etengabeko indarkeria egoeretara garamatzana, material nahiz sinbolikoetara.
Baina, horiei aurre egiteko heldulekuak argi ditugu. Dimentsio bakoitzean alternatibak eraikitzen ari gara eta faxismoari aurre egiteko antolatzen jarraitzen dugu. Ezinbestekoa da emakume* eta gorputz disidente oro kalera atera eta borrokan jarraitzea. Segi dezagun Euskal Herria Feminista eraikitzen.
Gora borroka feminista!
Gora Euskal Herria Feminista!
Gora Bilgune Feminista!