Milaka feminista atera dira kalera Emakume Langilearen Azioarteko Egunean, martxoaren 8an. Faxismoa kontra, AUSARDIA FEMINISTA lelopean, arratsaldeko 18:00etan abiatu da mobilizazioa Jesusen Bihotzetik. Euri zaparrada bota duen arren, ez ditu gelditu emakume langileak. Putzuetan salto eginez eta euritakoak oihuen erritmora mugituz, iluntzeko 19:00etan ailegatu dira Udaletxera.
Bukaerako irakurketan euren indarra eta ausardia aldarrikatu dute, eta ozen esan diete oldarraldi faxista eta heteropatriarlkalari aurrean izango dituztela. Argi utzi dute eskuin muturreko gorakada faxista erreakzio patriarkal bortitz baten eskutik datorrela, eta aurka egin nahi diela feminismoari, bere lorpenei, emakumeen eskubideei eta beste hainbat borroka soziali. “Ez da kasualitatea eskuin muturreko buruzagi guztiek jomugan jarri izana politika feministak eta aniztasunari buruzkoak”, gaineratu dute, indarkeria matxistaren biktimentzat hainbeste esfortzurekin lortutako laguntzak eta baliabideak suntsituz.
Izan ere, instituzioetan ez ezik, kaleetan, gure auzoetan, lantokietan eta unibertsitateetan, besteak beste, eskuin muturraren eta faxisten diskurtsoa apurka barneratzen ari dira. “Lortu duguna galtzeko beldurra gugan gailentzea nahi dute, gure artean lehian aritu gaitezen”, esan dute, eta haien gorroto diskurtsoak, buloen eta desinformazioaren bidez, polarizazio izugarria eragiten ari dira, baita kalean indarkeria erreakzionarioa areagotze ere. Hori dela eta, horren aurrean ausartak izan behar direla aldarrikatu dute, eta “beldur handia” ematen duen arren mugimendu feministak argi adierazi du ez dituela geldiaraziko. Horregatik ausardia feminista aldarrikatu dute: “Ausardia, beldurra menderatzeko, isiltasuna hausteko eta atzerantz eraman nahi gaituzten matxiruloei aurre egiteko”.
Irakurketan ez dituzte ahaztu Argentinan, El Salvadorren, Estatu Batuetan, Afganistanen, Kongon eta mundu osoan faxismoei aurre egiten ari zaizkien kide feministak. “Gaur ere ahizpatasunezko besarkada bat bidali nahi dugu”, esan dute.
Baina faxismoa ez dagoela hain urrun adierazi dute: “Hego Euskal Herrian hamarkadak daramatzagu diktadura frankistaren arrastoa jasaten, eta instituzio, auzitegi eta indar polizial batzuek oraindik eskuin muturreko taldeak babesten dituzte, gure eskubide sozial eta politikoak defendatu ordez”. Adierazpen askatasuna erabiltzen eta ideia feministak instrumentalizatzen ari direla salatu dute gorroto diskurtsoak sustatzeko eta matxismoa, homofobia eta xenofobia legitimatzeko.
Feminismoa erresistentzia ez ezik, zer den argi gogorarazi dute: “bizimodu bat da, itxaropena, askatasuna, bizipoza, amets egitea eta zerumuga berriak eraikitzea, moldeak apurtzea eta eredu berriak asmatzea”. “Dena aldatuko duen indarra” erakutsi dute eta hori egiten ausardiaz jarraituko dute.
Aldarrikapen zehatzak
Irakurketak faximoaren kontrako aldarrikepaenak egiteaz aparte, mugimendu feministak ez du ahaztu, beste batzuen artean, palestinar erresistentzia: “Ibaitik itsasora, Palestina aurrera!”, ozen entzun dira oihuak.
Indarkeria matxistari ere tartea eskaini diote, eta azaroaren 25ean argi esan zuten bezala: “Lotsa aldez aldatzen ari da!”. Bestalde, Bilbon emakumeen etxe bat exijitu, denontzako irisgarria eta mugimendu feministaren parte-hartzea izan dadin.
2023ko Greba Feminista Orokorra ere gogora ekarri dute: “Guk zaintza lanen banaketa bidezko bat exijitzen dugu, eta baldintzak, ondo zaintzeko eta ondo zainduak izateko”. Zaintza sistema publiko-komunitarioa orain nahi dute oihukatu dute.
Azkenik, hezkuntza, osasuna, pentsioak eta etxebizitza eskubide bat direla aldarrikatu dute, eta ez negozio bat. “Adineko emakumeekin dugun zor patriarkala ordaintzeko garaia da”, eta horregatik pentsiodunen herri ekimen legegilea sinatzera animatu ditu manifestariak!