Loraldia Festibala: Musika, dantza, literatura eta Performantza uztartzen

uriola.eus 2025ko mar. 10a, 12:30

Loraldiak Post_Etorkizuna, OTS eta Sukramarkus bezalako ekitaldietan kulturaren alor guztiak bilduko ditu martxoan zehar, Bilbon.

Loraldia Festibalak euskal kulturaren plaza handia bilakatuko du Bilbo, gaurtik hasita, hilaren 30era arte. Egun hauetan zehar ekitaldi berezi eta anitzak eskainiko ditu. Musika intimistatik dantza garaikidera, eta literatura performantzetik arte eszenikoetara, jaialdiak kulturaren alor desberdinak jorratuko ditu, ikusleei esperientzia sentsorial eta emozionalak eskaintzeko asmoz.

Hitzaurrea deitzen den ibilbideak hasiera emango jaialdiari. Mundu digitala eta analogikoa uztartzen dituen proposamen berritzaile hau Etorkizunaren ikuspegi bat baino gehiago, orainari buruzko hausnarketa bat da. Gaur, hilak 10, arratsaldeko 19:30ean izango da Bilboko Alondegiko Ataritik hasiko den ibilbidearekin.

Bihartik aurrera, egunero, Loraldia Festibalak kulturaren alor guztiak bilduko ditu, Bilboko hainbat aretotan. Ikusleek musika, dantza, literatura eta performantza uztartzen dituzten ikuskizun bereziak gozatu ahal izango dituzte.

 

Mursegoren "Sukramarkus": Palindromoak eta Hizkuntza Esperimentala

Mursegok Sukramarkus performancea eskainiko du Bidebarrieta Liburutegian martxoaren 14an, ostiralean. Markos Gimenoren palindromoak eta hizkuntza esperimentuak berrinterpretatuko ditu, musikaren, umorearen eta arte eszenikoen bidez. Emanaldia 19:30ean hasiko da.

 

Haatik Dantza Konpainiaren OTS: Herri Gogoa Zigiluaren Memoria

Haatik Dantza Konpainiak OTS ikuskizuna aurkeztuko du Euskalduna aretoan martxoaren 15ean, larunbatean.  Dantza garaikideak, musika eta oroitzapena uztartzen dituen obra honek Herri Gogoa zigilu diskografikoaren legatua berrikusten du. Emanaldia 20:00ean hasiko da, eta Lorazain Eguna ospatuko da bertan.

 

Post_Etorkizuna: Literatura, Bertsolaritza eta Musika

Guggenheim Museoko entzungelan Post_Etorkizuna izeneko ikuskizuna eskainiko du Loraldiak martxoaren 16an. Edorta Jimenez idazleak geroari buruzko testu bat idatziko du, Rafa Ruedak musika jarriko du, eta Oihana Arana eta Ane Labaka bertsotan arituko dira, Amaia Agirreren gidaritzapean. Emanaldia 12:30ean hasiko da.