Gaur egungo euskararen egoera sozio linguistiko orokorra iraultzeko, Naziogintza Taldeak proposamen linguistiko prestatu du eta martxoaren 13an, 18:30ean, hitzaldia eskainiko du Naziogintza Taldeko Josu Alberok Urretxindorra Ikastolan.
Azken 40 urteotan euskararen “ezagutza” igo bada ere, inkesta soziolinguistiko guztiek islatzen dute bere erabilera ez dela handitu. Azken urteotan, euskararen erabilera jaisten ari da Euskal Herrian, baita tokirik euskaldunenetan ere: “gure arnasguneetan, euskararen atzerakada oso kezkagarria da”, adierazi du Naziogintza Taldeak. “Gaur egungo hizkuntza-politikekin jarraituz gero, ezinezkoa da euskarak aurrera egitea”, gaineratu du.
Hori dela eta, Naziogintza Taldearentzat ezinbestekoa da EAEn Hizkuntza Lege berri bat martxan jartzea. Lege horrek, besteak beste, tratamendu linguistiko berezia eman beharko lieke gure “arnasgune”ei, hau da, herri eta eskualde euskaldunenei, lurraldetasun linguistiko printzipioa aplikatuz bertan, Belgikan, Suitzan edo Kanadan egiten den modu berean
Beraz, joera negatibo hori zuzentzeko eta euskararen egoera linguistiko orokorra iraultzeko, Naziogintza Taldeak proposamen linguistikoa prestatu du, lurraldetasun linguistikoaren printzipioan oinarrituta. Besteak beste, ezaugarri nagusi hauek ditu: Lurraldetasun linguistikoaren printzipioa ezartzea arnasguneetan, euskara hizkuntza ofizial bakarra arnasgune horietan izatea, eta euskaldunen eskubide linguistiko kolektiboak erdaldunen eskubide linguistiko indibidualen gainetik jartzea, Belgikan edo Suitzan egiten den modu berean.
“Gaur egungo hizkuntza politikek eman beharrekoa eman dute, eta datu soziolinguistikoek argi erakusten digute ez dutela balio euskara indartzeko”, zehaztu dute, eta horregatik taldeak argi du proposamen berriak eta ausartak ezarri ezean, “euskararen etorkizuna oso iluna” izango dela.