GUKAk Hezitzaile euskaltzaleen topaketak antolatu ditu apirilaren 12an haur eta gazteen aisialdian eragiteko. Topaketak Deustuko Bidarte udaltegian izango dira 10:00etatik 13:30era arte. Helburua euskararen aldeko lana eraginkortzea da, oraindik ere apustu argiago bat egin dezaketen lagun guztiak elkartuz eta formatuz. Aurrera begirako planak pentsatzeko ere elkartuko dira. Izena emateko GUKAk prestatu duen galdetegia bete behar da.
GUKA, Bilboko euskaltzaleen plaza askea, kezkatua dago Bilbon D eredu batean egon daitezkeen euskararekiko adostasunak ez daudelako hezkuntza ez-formalean: “Arrunt bilakatu da haur edo gazte batentzat, eskolatik atera eta eskolaz kanpoko ekintza gehienak erdara hutsean izatea: kirol-entrenamenduak, musika-eskolak, dantza-akademiak...”.
Hala ere, Bilbon badira hezkuntza ez-formalean haur eta nerabeekin aritzen diren hainbat euskaltzale, “balore eraldatzaileak bultzatu eta euskararen aldeko apustua” egiten dutenak: aisialdi taldeak, kirol-entrenatzaileak, bertso, akademia, antzerki eta dantza irakasleak... “Hauei guztiei esker lortzen dute hainbat gaztek euskararekiko atxikimendua eta erosotasuna”, nabarmendu du GUKAk.
Beraz, kezka guztiak batu, eta begiraleak, entrenatzaileak, eskolaz kanpoko ekintzetako irakasleak elkartuko dira euskaratik era eraginkorrean nola egin hausnartzeko. Lehenik, hitzaldi pare bat izango dituzte, euskararen aldeko diskurtsoak eta haurrei begirako pedagogiari buruzko irakaspenak jasotzeko. Ostean, eztabaida bultzatuko dute, nork bere lana eraginkortzeko baliabide berriak eskuratu ditzan.