FANT Fantasiazko Zinemaren Jaialdiaren 31. edizioa maiatzaren 2tik 10era izango da, eta programazioaren aurrerapen gisa, PreFANT zikloa antolatu du Zinemaldiak. Ziklo honek, Pablo Hernandok zuzendutako Una ballena filma aurrestreinatuko du martxoaren 26an. Saioa Golem Alhóndiga zinemetako 1. aretoan izango da arratsaldeko 19.30ean. Ondoren, marxtoaren 28an estreinatuko da komertzialki.
Una ballena (Pablo Hernando, 2024) gaztelaniazko filma thriller fantastikoa da, eta Ingrid García Jonsson, Ramón Barea, Asier Tartáse, eta Kepa Errasti ditu aktore nagusiak. Ia bi orduz luzatzen den film honek Sitgeseko Zinemaldiko lehiaketa ofizialean parte hartu zuen pasa den urtean.
Pablo Hernando gasteiztarra espainiar zinema berriaren ahots berezienetakotzat jotzen da. "Una ballena" bakarkako bere hirugarren film luzea da eta harentzat ere idatzi du jatorrizko gidoia. Film honek Ingriden istorioa kontatzen du, berezko trebetasuna duena arrastorik utzi gabe infiltratzeko eta desagertzeko. Bere gaitasuna, berez, beste mundu batekiko lotura arraro batetik dator, pixkanaka errealitatearen arrakalen artean iragaziz eta ikuslea eszenatoki nahasgarri batean murgilduz doana.
Edizio honetako PreFANT zikloaren bigarren hitzordua da hau, otsailaren 12an "Daniela Forever" filma aurrestreinatu baitzen, Nacho Vigalondo zuzendaria bertan zela. Era berean, apirilaren 10ean "La matanza de Texas" proiektatuko da, FANT Bilbao jaialdiaren 31. edizioko kartela inspiratzen duen filma. Hitzordua 19:30etan izango da Golem-Alhondiga Zinemetan.