Gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren alde mobilizatzera dei egin du apirilaren 3an

uriola.eus 2025ko mar. 19a, 09:44

Sindikatuek Confebasken jarrera salatu nahi dute, izan ere, ez du elkarrizketan sinisten eta ez du EAEko jendartearekiko bere ardura hartzen.

Confebaskek behin eta berriro gutxieneko soldata bat negoziatzeari uko egiten diola salatu nahi dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek, izan ere, patronal honek elkarrizketarako eta konponbideak bilatzeko interesik ez duela adierazi dute. Hori dela eta, dei egiten diete euskal langileei gutxieneko soldataren alde mobilizatzera apirilaren 3an, 11:30etan Confebasken egoitzaren aurrean.

“CONFEBASKek berriz ere enpresen iraunkortasuna azaltzen du negoziazioari uko egiteko arrazoi nagusi gisa”, azaldu dute sindikatuek, langileen miseriaren kontura  irabaziak pilatzen jarraitu asmoa erakusten dute. Frantzian edo Alemanian gutxieneko soldata Espainiakoa baino 500 eta 700 euro altuagoa dela zehaztu dute EAEko antzeko egitura ekonomikoarekin: “arazoa ez da lehia, CONFEBASKen izaera erreakzionarioa baizik”.

Herri honek gutxieneko soldata propioa behar duela aldarrikatu dute sindikatuek. Horregatik, pobrezia eta jendarte bazterkeriaren aurka, soldata arrakalen aurka, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortzeko, jendarte eredu justu eta egokiago baten bidean, ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek mobilizazioetara joko dute apirilaren 3an.

Euskal langileria kalera aterako da, patronalaren jarrera autoritarioari aurre egin eta mugitzera behartzeko, eta alderdi politiko eta ordezkari instituzionalak interpelatzeko, gutxieneko soldata eta pentsioen aldeko posizioa har dezaten.

 

Erlazionatuak