Ikama: “Behar dugun hezkuntza, hezkuntza sistema euskaldun, feminista eta antikapitalista da”

uriola.eus 2025ko mar. 20a, 15:48

Hego Euskal Herriko ikasleek Bilboko kaleak bete dituzte martxoaren 20rako deitu duten greba egun honetan. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute.

Ikama ikasle antolakundeak deitutako mobilizazioak Hego Euskal Herriko ikasleak batu ditu hiruburuetan, Hezkuntza Sistema Propioaren aldarria lau haizetara zabaltzeko. Hezkuntza bat, Euskal Herrirako! lemapean, argi utzi dute ez direla esateaz nekatuko. “Behar dugun hezkuntza lortzeko ezinbestekoa dugu independentzia eskuratzea, hortik etorriko baita gure hezkuntza sistema propioaren eraikuntza”, adierazi dute Bilbon, manifestazioaren amaieran irakurritako adierazpenean.

Hamabietan abiatu dira ikasleak Jesusen Bihotzetik gaurko egunean, hilak 20. Oihu hauek hartu dituzte Bilboko kaleak, besteak beste: «Martxoak 20 greba eguna da», «Faxismoaren aurrean ikasle antolakuntza» eta «Gora ikasleon borroka!». Bidetik, gazte feministek ere euren aldarria plazaratu dute, Hezkuntza feminista izango da edo ez da izango!” leloa izan duen pankartarekin. Kale Nagusia zeharkatu eta Arriagara heldu dira eguerdiko 13:30ean.

Amaierako irakurketan, Euskal Herriak behar duen hezkuntza borrokatzeko mobilizatu direla ohartarazi dute ikasleek, eta erantsi dute “zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabeko hezkuntza bat” izatea ezinbestekoa dela.

“Ikasketa prozesua baldintza duinetan egitea eskubide bat da”, aldarrikatu dute, eta baldintza horiek “publikoa, doakoa eta ez-segregatzailea” izan behar direla “baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatuz”. Hori dela eta, gogorarazi dute ikaslea erdigunea izateko, ikasleen partaidetza aktiboa eta kontzientzia kritikoa sustatzea ezinbestekoa dela.

Gainera, faxismoaren gorakadaren testuinguruan, sistema “zirrikitu guztietatik” apurtu behar dela zehaztu dute. Horregatik,  borroka antifaxistak lehen lerroa hartu behar duela diote, eta hori borroka horren parte ulertzen dituztela euskararen aldeko borroka, borroka feminista eta independentista.

Aldarrikapen zehatza ere egin dute irakurketan zehar, eta ezin izan dute Palestina sufritzen ari den genozidioa alde batera utzi. “Israelgo estatu sionistak su etena hautsi eta Palestinar herria suntsitzeari berrekin dio”, salatu dute, eta horren aurrean Israelen inpunitatearekin amaitzea exijitu dute, nazio zapalduen autodeterminazio eskubidea defendatuz.

 

Ikamaren salto organizatibo politikoa

Abenduan ezagutzera eman zuten Ikamaren proiektu politiko berria Durangon, zeina Ikama hezkuntza sistema osora hedatuko zen, estrategia bat eta bakarra eraikitzeko apustua eginez. Bi hilabete hauetan Behar dugun hezkuntzarako, Independentzia dinamikaren baitan lanean aritu dira, ikasleria borroka independentistara hurbiltzeko asmotan. Izan ere, gaur gaurkoz Euskal Herriko hezkuntza sistemak Espainiar eta Frantziar estatuek inposatuak direla eta haien interesak betetzen dituztela salatu dute.

Unibertsitate, Lanbide Heziketa, batxilergoko zein DBHko heziguneak astintzen ibili dira: “Lehen aldiz, hezkuntza eremu osoko ikasle greba egin dugu proiektuaren alde”. Argi eta garbi diote “hemen geratzeko” etorri direla.

“Ikama borrokarako tresna izateko jaio zen, ikas baldintzak duintzeko eta ikasle mugimendu iraultzaile bat sortzeko”, oihukatu dute, eta ikasle oro deitu dute euren borrokara batzeko, horrela lortuko baitute “Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa”.