Korrikaren bihotza eta burua erakutsiko duen dokumentala sortuko dute AEK eta MIROKUTANAk

uriola.eus 2025ko mar. 25a, 09:41

Korrikaren indarra eta euskararen erronkak uztartuz, dokumental berria jarri dute martxan bi ekoiztetxeek. Horretarako, crowdfunding kanpaina bat abiatu da apirilaren 25era arte, eta komunitatearen babesa ezinbesteko izango da honetan.

AEK eta MIROKUTANA ekoiztetxeek JALGI HADI! dokumentala gauzatuko dute, Korrikaren indarra eta euskararen erronkak uztartuz. Horretarako zuten crowdfunding kanpaina bat jarri zuten martxan Goteo plataforman pasa den martxoaren 17an, eta apirilaren 25era arte iraungo du.

Kanpainaren bidez, dokumentala ekoizteko beharrezko baliabideak eskuratu ahal izango dituzte eta euskalgintzan sakontzen jarraitu. Kanpainak euskararen aldeko mugimendua indartzea eta komunitatearen parte-hartzea sustatzea du helburu.

Dokumentalak Korrikaren bihotza eta burua erakutsi nahi ditu. Alde batetik, euskal ekimenik erraldoiena barrutik ezagutzeko aukera izanez, Korrika posible egiten duten pertsonak eta prozesuak gertutik jarraituz. Bestetik, soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile eta euskalgintzako beste eragile askoren ekarpenak jasoko dituzte, euskararen iragana, oraina eta etorkizunaz hausnartzeko.

Dokumentala euskal komunitateari zuzenduta dago, euskaraz bizi nahi duten guztiei. “Hizkuntza bat komunikatzeko tresna da, eta JALGI HADI!k eztabaida eta elkarlana sustatu nahi ditu, euskaltzale guztiak berpizkunde berri batean parte hartzera gonbidatuz”, nabarmendu dute.

 

MIROKUTANA eta AEK

AEK-k euskararen biziberritzearen aldeko konpromisoa berretsi nahi du dokumental honekin, Korrika ezagutarazteaz gain, helduen euskalduntzea eta euskaraz bizitzeko eremu erosoak sortzea sustatzeko.

MIROKUTANA 2016an sortu zen, eta ordutik hainbat ekoizpen arrakastatsu sortu ditu, hala nola EMARRI, MUGA, KOMANDO MARMITAKO, JUDOKA, edo Karpeta Urdinak. Bere lanek sari eta aintzatespena jaso dute nazioarteko jaialdietan.