Loraldia Festibala euskal kultura astintzen dabil Bilboko bazter guztietan, eta azken aste honetan horrela jarraitzeko asmoa du. Jaialdiak kulturaren alor desberdinak jorratzen eta eskaintzen jarraituko du azken egunera arte, hilak 30. Gorka Urbizuk emango dio itxiera, zeinak sarrera guztiak agortuta dituen.
Gorka Urbizu Ruiz (Lekunberri, 1977) musikari, konpositore eta ekoizle euskalduna da. Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarrista izandakoa, 2024ko urtarrilean kaleratu zuen 'Hasiera bat' izeneko bakarkako lehen diskoa. Kantuak biluztasun osoz aurkezten dira, edertasun gordina eta emozio sakonak nabarmenduz.
Beraz, euskal musikaren eta kulturaren zaleei hausnarketarako eta emoziorako espazio bat eskainiko die Urbizuk, aldaketaren aldeko aldarria eta barnera biltzeko gonbita eginez. Festibalari amaiera hunkigarri eta gogoangarria emateko hitzordu berezia izango da igande honetakoa, martxoak 30, arratsaldeko 19:30ean Arriaga Antzokian.
Hasieran esan bezala, azken egun hauetan zehar ere ekitaldi berezi eta anitzak eskainiko ditu, kulturaren alor guztiak bilduz.
Lurretik Lurrera: bi herrien arteko elkarrizketa artistiko eta kulturala
Darlene Gijuminag mikmak musikariak eta Mixel Etxekopar eta Claudine Arhancet zuberotarrek osatutako hirukoteak musika-emanaldi berezia eskainiko dute martxoaren 26an, Bidebarrieta Liburutegian. Ordu beteko bidaia musikal batean murgildko dituzte ikusle-entzuleak, euskal eta amerindiar kulturaren arteko zubiak eraikiz. Lurretik Lurrera izenpurupean, lurraren sakontasunetik sortutako elkarrizketa kultural eta artistikoa sortuko dute, XVI. eta XVII. mendeetako euskal arrantzaleen eta Ternuako mikmak komunitatearen arteko lotura historikoan oinarrituta.
Dylanen musika euskaraz
Gernikatik etorritako Audience taldeak eta Belharra musikariek Bob Dylanen kanta klasikoak eskainiko dituzte martxoaren 27an, Kupula Aretoan, arratsaldeko 19:30ean. Guztira, euskaratutako 100 kanta joko dituzte, Euskal Herrian bakarrik izango den kontzertu berezi bihurtuz. Folk, rock eta blues eraginak uztartzen dituzten bi taldeek, gitarra, mandolina eta banjo soinuen artean, Dylanen kantuak euren erara moldatuko dituzte.
BOZAK: Gazte sormenaren hiru ahotsen magia
Esanezin, Esti Markez eta Maite Ruiz de Erentxun musikariak Bira Kulturgunean elkartuko dira martxoaren 29an, arratsaldeko 19:00etan. Loraldiak gazte sormenaren aldeko apustu eginez, hiru emakume batuko ditu, bakoitza bere estilo propio eta ikuspegi berritzailearekin. Hiru sortzaile, hiru kantu, eta hiru ahots, guztiek beren estilo propioarekin, eta guztiek etorkizuneko musika eskaintzeko prest.