Gizakunde elizan ospatuko dute apirilaren 10etik 14ra bitartean Bilbao Arte Sakroaren (BAS) Jaialdia, “Miresmena / Admiración” leloarekin. Bost kontzertuk osatuko dute programazioa, egunero 19:30ean. Jaialdiak musika sakroaren hainbat alderdi eta estilo aurkeztuko ditu. La Ritirata, The Tallis Scholars, London Handel Players, Bilboko Koral Elkartea eta La Spagna taldeak izango dira protagonista.
Apirilaren 10ean, La Ritirata taldeak maitasun mistikoari buruzko kontzertua emango du, espainiar eta italiar barrokoaren piezekin. Beatriz Oleaga mezzosopranoaren eta Manuela Velasco aktorearen parte-hartzearekin, Josetxu Obregónen zuzendaritzapean.
Ostiralean, apirilaren 11n, The Tallis Scholars britainiar abesbatzak Palestrinaren obrak interpretatuko ditu, konpositorearen jaiotzaren 500. urteurrena dela eta. Peter Phillipsen gidaritzapean, Orlandus Lassusen zenbait pieza ere entzun daitezke.
Larunbatean, apirilaren 12an, London Handel Players taldeak Bachen kantata erlijiosoak eskainiko ditu. Jessica Cale sopranoak, Mercé Bruguera Abelló mezzosopranoak, Benedict Munden tenorrak eta Tristan Hambleton baxuak osatuko dute taldea.
Igandean, apirilaren 13an, Bilboko Koral Elkarteak Valentín María de Zubiaurreren musika argitaragabea aurkeztuko du. Durangoko San Antonio komenturako konposatutako obra hau mende batez gordeta egon da.
Jaialdia apirilaren 14an itxiko da, La Spagna taldearen Lamenti di donna kontzertuarekin. Alejandro Mariasek zuzendutako saio honetan emakumeen paperak aztertuko dira barrokoaren testuinguruan.
Sarreren salmenta eta informazioa
Sarrerak apirilaren 1etik aurrera eros daitezke 10 euroko prezioan. Arriaga Antzokiko leihatiletan, www.teatroarriaga.eus eta musika-musica.bilbao.eus webguneetan, baita kontzertu bakoitzaren aurretik elizan ere.