Gotzon SOS dinamikari babesa eta atxikimendua adierazi diete Bizkaiko sindikatuek

uriola.eus 2025ko api. 7a, 16:52

Gotzon Telleria Bilboko presoaren egoera salatzeko mobilizazio-kanpaina abiatu du Sare Plataforma Herritarrak. Gotzon Telleriak, 68 urteko preso bilbotarrak, sendaezina den gaixotasun genetikoa du.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hilak 7, Bilboko Plaza Biribilean Gotzon SOS dinamikari babesa eta atxikimendua adierazteko.

Gotzon Telleria, 68 urteko preso bilbotarra, 2017an sartu zen kartzelan eta 2019an sendaezina den gaixotasun genetiko batekin lotutako lehen sintomak detektatu zizkioten. Ordutik, bere osasun egoera okertu dela adierazi dute sindikatuek. “Jasaten duen gaixotasun genetikoak Dementzia Fronto Temporal edo ELA eragin dezake, biak degeneratiboak diren gaixotasunak”, erantsi dute.

Espetxe legediak zehazten duen bezala, preso bilbotarrak gaixotasun sendaezin bat duenez, hirugarren graduan egon beharko litzatekela azpimarratu dute: “Hala ere, bigarren graduan jarraitzen du”.

Gaur goizean egindako agerraldian gogorarazi dute Plaza Biribilean bildutako sindikatuek 2019an dinamika propio bat abiatu zutela salbuespen politikak salatzeko eta konponbide, bake eta elkarbizitzaren aldeko urratsak bultzatzeko, Sarekin batera.

Euskal langileak ere subjektu aktibo direla nabarmendu dute aipatutako helburuak lortzeko. “Une hauetan, premiazkoa da azken hamarkadetan hainbeste mina eragin duten salbuespen politikekin amaitzea”, aldarrikatu dute. Orain konponbidearen bidean pausoak ematen ari diren honetan, ezinbestekotzat jo dute gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik irten ahal izatea, haien osasun egoera okertu ez dadin eta gaixotasunari baldintza egokietan aurre egin diezaioten.