Bilboko Euskararen Etxeak 2025eko Europako Museo Onenaren Saria eskuratu du, Europako Kontseiluak urtero ematen duen aintzatespen garrantzitsua. Estrasburgoko Parlamentu Biltzarreko Kultura Batzordean ospatu zen ekitaldian jasoa, euskal kulturari eta gizarteari egindako ekarpenagatik.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Iurdana Acasuso Euskararen Etxeko zuzendaria eta Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak izan ziren saria jasotzen. Konstantinos Efstathiou batzordeburuak eman zien saritza, Europako Kontseiluaren 1977tik ematen duen sari hau museoek kultur ondarea zabaltzeko eta giza balioak sustatzeko egiten duten lana aitortzeko.
Etxanobek ekitaldian azpimarratu zuen euskarak duen balioa: "Pozik gaude sari honekin, baina argi utzi behar dugu euskara ez dela museoko pieza bat. Hizkuntza bizia da, gizartearen konpromisoari esker bizi dena". Acasusok, berriz, zentroaren izaera azaldu zuen: "Belaunaldien arteko lotura sortzen duen gune dinamikoa gara, euskararen historia eta egungo biziberritasuna uztartzen dituena”.
Europako museo onenen artean
Euskararen Etxea EMYA 2025 sarietarako izendatua izan da, Europako museo garrantzitsuenen artean kokaturik. Antolakuntzak nabarmendu duenez, "hizkuntza bat bizirik mantentzeko erronka erakusten duen proiektua da, bisitariei euskara ezagutarazteaz gain Europako beste hizkuntzekin dituen loturak ere azaltzen dituena".
Sarituen zerrendan aurreko urteetan Poloniako Sybir Museoa, Danimarkako Langileen Museoa edo Irlandako Nano Nagle Place egon dira. Sariak dioen bezala, Euskararen Etxeak "museo txiki handia” osatzen du, hiru langilek kudeatutako proiektu zabal batekin.
Etxanobek, gainera, Europako Kontseiluko Kultura Batzordean parte hartzeko gonbidapena jaso zuen, non museoek gizarte demokratikoan duten garrantziaz eztabaidatu zuen.