Bilbao Basque FEST Jaialdiak hiria jarduera ugariz beteko du

uriola.eus 2025ko api. 8a, 15:32

Euskal kulturaren aberastasuna ospatzeko Bilbao Basque FEST jaialdiak jarduera ugari eskainiko ditu bost zentzumenekin gozatzeko. Apirilaren 16tik 19ra kontzertuak, antzerkia, zinema, umorezko bakarrizketak, dantza tradizionalak, herri kirolak… egongo dira Bilbon zehar.

Bilbao Basque FEST jaialdiak bere ohiko sei gaien formatuari eutsiko dio aurten ere, apirilaren 16tik 19ra: Gourmet, Kultura, Musika, Market, Zinema eta Sport. Udalak antolatutako jaialdiak egitarau oparoa izango du lau egunez, 112 jarduerarekin, gehienak doakoak, hainbat gunetan sakabanatuta. Bilbo, beraz, bost zentzumenekin tradizioaz, musikaz eta kirolaz gozatzeko topagune bilakatuko da.

Musikaren arloan, apustu sendoa egin du jaialdiak, ia musika-formatu eta estilo guztiak biltzen dituen kartelarekin: jazza, folka, rocka, soinu tradizionalak eta garaikideak… Aurtengo jaialdiaren ekitaldi nagusienetako bat Agus Barandiaran buru duen Korrontzi euskal folk musika taldeak emango duen kontzertua da. Apirilaren 17an izango da arratsaldeko 20:30ean Areatzako Kioskoan.

Horretaz aparte, OrekaTx boskoteak Koklea ikuskizuna emango du, txalaparta material organikoekin, apirilaren 19an, eta jaialdiaren azken egunean, Orek?a taldearen dantzaldia izango da (Oxabi, Garilak 26 eta Urrats taldeetako zortzi musikarik osatutako taldea) arratsalde-gaua girotzeko, Areatzako kioskoan 20:30etatik aurrera.

Bilbao Basque Fest 2025en jai giroa ziurtatuta egongo da dago Gasaren Plazan, egunero 19:00etatik aurrera, euskal dantzetako taldeen ikuskizunekin. Azkuna Zentroak, Azkena Aretoak, Kafe Antzokiak, Jazzon Aretoak eta Martzanak, besteak beste, emanaldi bizigarriak izango dituzte.

Bestalde, jaialdiak euskal gastronomia eta kirolak modu berezian dastatzeko eta gozatzeko aukera eskainiko du, eta Areatza izango da euskal eskualde turistikoen eskaintza gastronomikoaren eta kirol tradizionalen erdigunea. Gastronomia maite dutenek tokiko produkturik onenez eta Herri-Kirolen ikusgarritasunaz gozatzeko aukera  izango dute edizio honetan, jai- eta familia-giroan.