III. KORRIKA-AEK Kultur Sorkuntza Beka abian jarri du AEK-k urriaren 31ra arte. Bi urterik behin burutzen duten sari honek Euskal kultura babestu eta sustatzea du helburu. Euskal sortzaile ororentzat zuzendua da, eta diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake. Lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Beka 23.000 eurokoa izango da. Lan saritua 25. KORRIKAko kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko dute, hau da aurtengo azarotik aurrera, Korrikak iraun bitartean.
Pasa den astean Gasteizen egindako agerraldian, Lurdes Etxezarreta, AEK-ko Nazio Kontseiluko kideak adierazi zuen bekaren bidez hiru helburu betetzen zirela: “Bat: euskal kultur sorkuntzan eragile izatea. Bi: kultur arloan euskal herritarrentzako euskaraz eroso aritzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Eta hiru: euskal sortzaileei gune horiek eskaintzea”. Berarekin batera Ane Elordi, Korrika arduraduna, eta aurreko deialdian irabazle izandako proiektuko partaideak, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala izan ziren.
Bekaren xedea euskal kulturaren baitako sormen-lanak bultzatzea, eta Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia taxutzea da.
Korrika Kulturala
Ane Elordik, bestalde, Korrika Kulturalaren menua Korrikaren webgunean dagoeneko ikusgai dagoela iragarri zuen, kontsulta katalogotzat erabili daitekeena. “Hemendik deia luzatu nahi diegu euskal sortzaileei gurekin kontaktuan jarri eta katalogo horren parte izan daitezen”, erantsi zuen.
Eskualdeetan, beti bezala, programa propioak antolatzen dira, zeinetan autofinantzaketa den oinarria. Horiek indartzeko, aterkiaren ideia proposatu du Elordik: "Hau da, inguruan dauden eragile kultural guztiei Korrikarekin bat egitea bere programazioak egiteko orduan".