Pantaialdiaren II. edizioa ospatuko dute euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzeko

uriola.eus 2025ko api. 9a, 08:19

Hamar egunez, pantailetan ere, euskaraz bizitzeko erronka da Pantaialdia. Maiatzaren 6tik 15era ospatuko dute bigarren edizioa eta izena emateko epea jada zabalik dago.

Pantailak Euskarazek antolatutako bigarren Pantaialdia ospatuko du maiatzaren 6tik 15era. Mota guztietako pantailetan (Telebista, streaming plataforma, zinema, sare-sozial, bideo-joko) euskarazko edukiak erabili, kontsumitu, edo sortzeko erronka da, hau da, hamar egunez, pantailetan euskaraz bizitzeko erronka. Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu! izango du aurtengo leloa.

Euskaraldiaren testuinguruan eta honen sinergiak aprobetxatuz antolatu den ekimen honek helburu bikoitza izango du: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea.

Edozein herritarrek parte har dezake eta haien bizipenen berri emango dute sare sozialetan #pantailaldia traola erabiliz. Izena emateko epea maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik  Pantailak euskaraz web orrian dagoen formularioan datuak bete eta bidaltzea besterik ez da beharko.

 

2022an ospaturiko lehen edizioan 500 herritarrek eman zuten izena, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituela, eta %64ak edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela.

 

Agenda proposamena

Pantailaldia maiatzaren 6 hasiko da eta Kneecap telesail irlandar arrakastatsuaren emanaldia euskaraz azpititulatuta eskainiko da, azpitituluak.eus ekimenaren laguntzari esker, Bilboko Kafe Antzokian, arratsaldeko 20:00etan.

Hurrengo egunetan, euskarazko edukiak sareetan kontsumitzeko hainbat gomendio egongo dira, esate baterako, Urak eginen du bide dokumentala, euskarak pantailetan dituen erronkei buruzkoa, emitituko dute 20:00etan iparraldeko Kanalduden eta 22:00etan Hamaika TBn.

Agendako ekintzen baitan protestarako tartea ere egongo da: maiatzaren 10ean herriko zinemara joan eta euskarazko eskaintzarik ez badago euskararentelefonoa.eus weborriaren bitartez dagokion salaketa jartzea izango da erronka.

Pantaialdian zehar, euskal kulturgintzako hainbat erreferentek ere euskara eta pantailekin dituzten bizipenak partekatuko dituzte sare sozialen bidez, euskarak aurrera egin dezan ikus-entzunezkoek eta pantailek duten garrantzia jendartean zabaltzeko helburuz.