Irakasleak berriro ere kalera aterako dira akordio proposamenak nahikoa ez direla salatuz

uriola.eus 2025ko api. 10a, 18:31

Sindikatuek hutsune nabarmenak aipatu dituzte: ez dago argi nola konponduko diren lan-zamak, ez daude erretiro-baldintzen hobekuntzarako konpromiso sendoak, eta ez dute ikastetxe publikoen etorkizuna bermatzeko planik aurkeztu.  Maiatzaren 12tik 16ra bitartean beste bost greba egun deitu dituzte.

Hezkuntza Sailak idatzizko proposamen bat aurkeztu duen arren, sindikatuek ez dute nahikotzat jo. Horregatik, greba zikloan aurrera egitea erabaki dute, mobilizazioek presioa egiten jarraituko dutela adieraziz.

Urtarriletik apirilera, sindikatuek deituta, bederatzi greba egun izan dira irakasleen aldetik. Aurreko astean, Hezkuntza Sailak negoziazio prozesua luzatzeko egutegi hutsa aurkeztu zien, eta atzo, apirilak 9, iritsi zen idatzizko proposamen ofiziala. Hala ere, sindikatuek hutsune nabarmenak aipatu dituzte: ez dago argi nola konponduko diren lan-zamak, ez daude erretiro-baldintzen hobekuntzarako konpromiso sendoak, eta ez dute ikastetxe publikoen etorkizuna bermatzeko planik aurkeztu.  

Sindikatuek (STEILAS, LAB, ELA eta CCOO) jakinarazi dute ez dutela akordio faltsu bat sinatuko. Horren ordez, maiatzaren 12tik 16ra bitartean beste bost greba egun deitu dituzte, mobilizazioekin presioa mantentzeko asmoz. Gogoan izan behar da irakasleen azken hitzarmena 15 urtez berritu gabe dagoela, eta sektoreak jada ez duela gehiago itxaron nahi.  

Hezkuntza Sailak negoziatzeko aukera eskaintzen duela aldarrikatzen duen arren, sindikatuek jarrera zurrun eta hutsala salatzen dute. "Bilerak eszenifikazio hutsak dira, eduki konkreturik gabe", adierazi dute. Gainera, grebak eten ditzatela eskatzen diete, baina ez dute aurrerapenik egiten aldarrikapenak negoziatzeko orduan.  

Irakasleek argi dute zer nahi duten: lan-zamak arintzeko neurriak, erretiroa hobetzeko konpromisoak, plantillen gazteberritzea eta ikastetxe publikoen fusioen aurrean lanpostuak babesteko mekanismoak. Halaber, hezkuntza sistema publikoa indartzeko inbertsio handiagoa eskatzen dute, euskara sustatzeko eta hezkidetza bermatzeko.  

 

Berme eske

Krisi honen errua Hezkuntza Sailari leporatzen diote, urteetan aldebakarrez erabakiak hartu dituelako, irakasleen parte-hartzerik gabe. Orain, sindikatuek diotenez, denbora amaituta dago. Edukiak, zehaztapenak eta bermeak eskatzen dituzte, eta mobilizazioekin lortuko dutela uste dute.