Maiatzaren Lehenean mezu argia helaraziko du LABek

uriola.eus 2025ko api. 14a, 13:17

Maiatzaren Lehenean gutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatuko ditu LABek. Manifestazio propioak deitu ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Tuteran. Bilbokoa Zabalburutik abiatuko da 12:30ean.

Gutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean. Pasa den astean LABek egindako agerraldian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak, mobilizazioen berri eman zuten. Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Tuteran kaleak hartuko dituzte, eta Baionako manifestazio intersindikalean ere bloke propioa izango du. Bilboko mobilizazioa Zabalburutik abiatuko da 12:30ean. 

Nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa dela aderazi zuen Arroyok: “Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez”. Testuinguru honetan, horregatik Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izaearen garrantzia azpimarratu du “bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko”.

Hori dela eta, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde presio egitearen beharraz mintzatu zen Arroyo, hiru lehentasun aipatuz: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea. Izan ere, zerbitzu publikoei dagokionez, LABeko koordinatzaile orokorrak, argi uzti zuen sindikatuek urteak daramatzatela salatzen osasun sistemaren pribatizazioa, eskola publikoaren azpigarapena, zaintza eskubidearen urraketa edota etxebizitzen gaineko espekulazio. Hamarkadetako politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra defendatu zuen.

Industria politikari dagokionez, hiru irizpidetan oinarritutako trantsizioaren alde egiten du LABek: planifikazioa, esku hartze publikoa (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea. Ildo honetan, armagintzaren aldeko diskurtso enpresarial eta instituzionalak kritikatu zitun Arroyok. Azkenik, hirugarrenik, gutxieneko soldata eta pentsioari egin zion erreferentzia Igor Arroyok. “Euskal Herrian gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea ezinbestekoa da, hemen bizitzeko diru-sarrera handiagoak behar direlako”, erantsi du: “Bertako herritarrei oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko gai ez dena autogobernu mugatua da”.

Gutxieneko soldata eta pentsio propioak finkatzeko ekimenak abian dira, eta horrela erakutsi zuten apirileko lehengo astean egindako mobilizazioaekin. Beraz, azken mobilizazioetan egin bezala, Maiatzaren Lehenean ere mezu argia helaraziko LABek hala Patronalari nola instituzioei: “izan akordio interprofesional baten bidez, izan lege bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte. Goizago ala beranduago, negoziazio mahaia eratzeari Confebaskek ezarritako betoa gainditu egingo dugu”.