STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek aurten urtarriletik martxan jarritako mobilizazio zikloari jarraipena emango diote maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an. Urtarriletik apirilera bitartean bederatzi greba egun egin dituzte jadanik, %90eko parte-hartzearekin. Hezkuntza publikoaren defentsa eta irakasleen lan-baldintzen hobekuntza dira mobilizazio hauen ardatz nagusiak, sindikatuek deialdia zabal zabal egitera gonbidatzen dutelarik.
Gatazka luze honen erdian, 2010eko lan-akordioa dago, 15 urtez berritu gabea. Sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak ez duela negoziazio benetan irekirik erakutsi, eta apirilaren 10ean maiatzeko grebak iragarri zituztenetik ez dutela bilera berririk izan.
Irakasleen aldarrikapen nagusiak hainbat arlotan banatzen direla gogorarazi dut. Lehenik eta behin, lan-zama handien arintzea eskatu dute, gero eta gehiago handitzen ari den presioa murrizteko. Bigarrenik, erretiro-baldintzak hobetzea aldarrikatzen dute, irakasleek modu duinean erretiratzeko aukera izan dezaten. Hirugarrenik, plantillen gazteberritze plan bat garatzea proposatzen dute, sektorean adinaren batezbestekoa jaisteko. Laugarren puntu gisa, soldaten erosahalmena berreskuratzea dute helburu, azken urteetan izandako galerak konpentsatzeko. Azkenik, ikastetxe publikoen fusioen aurrean lanpostuak bermatzeko neurriak eskatu dituzte, hezkuntza publikoko enpleguaren egonkortasuna bermatuz.
Manifestazio handiak
Maiatzaren 10ean, larunbata, manifestazio handiak egingo dituzte hiriburuetan: Donostian 17:00etan, Bilbon eta Gasteizen 18:00etan. Ekitaldi hauetara hezkuntza komunitate osoko kideak bilduko dira irakasleak, ikasleak, gurasoak eta langileak.