Ikergazte kongresuak ia 200 ikertzaile gazte bilduko ditu

uriola.eus 2025ko mai. 7a, 16:18

Hiru egunetan zehar hainbat ikertzaile gaztek elkar ezagutzeko eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko aukera izango dute hitzaldi, mahainguru eta aurkezpenekin. Antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusten dute.

UEUk (Udako euskal Unibertsitaea) Ikergazte kongresua antolatu du maiatzaren 28an, 29an eta 30ean Bilboko Euskalduna Jauregian.  Ia 200 ikertzailek parte hartuko dute elkar ezagutu eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin. Atzo egindako aurkezpenean, Aitor Bengoetxea Alkortak, UEUko Zuzendariak, UEUrentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu zuen: “UEUren zeregin nagusiak dira komunitate zientifiko-intelektual euskalduna trinkotu eta unibertsitate-mailako ezagutzaren sorkuntza eta zabalkundea egitea”. Antolatzaileek ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusten dute.

Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahainguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu ditu UEUk. Ainhoa Latatu Nuñezek, kongresuko koordinatzaileak, adierazi du aurten ere artikulu-zientifiko kopuru altua jaso dutela, eta gainbegiratze-prozesua gainditu duten 151 lan aurkeztuko direla kongresuan: Giza Zientziak eta Artearen 25 lan, Gizarte Zientziak eta Zuzenbidearen 24, Zientzia Zehatzak eta Natur Zientzien 39, Ingeniaritza eta Arkitekturaren 32 eta Osasun Zientzien 31.

Jakintza-alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaio kongresuaren azken egunean, Bilboko Udalaren eskutik. Era berean, sari berezi bat ere egongo da, Udalbiltzak emango duena, bere lan esparruan Euskal Herriko garapenarekin loturik dagoen ikerketa gai bat sarituz.

Aurtengo edizioan ikerketa-ibilbide luzea duten lau hizlari gonbidatuk parte hartuko dute kongresuan. Lehena, Olu Jenzen (Southamptongo Unibertsitatea) da eta "Trans and gender diverse youth, backlash, creativity, community and resilience” izenezko hitzaldia emango du. "Pentsaezina ohiko bilakatuz: ekosistemen leheneratzea” izenburupean, Arturo Elosegi Irurtia (UPV/EHU) arituko da. Juan Carlos Moreno Cabreraren hitzaldia (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) "Euskara hizkuntza zientifiko gisa” izango da. Azkenik, Maia G. Vergnioryk (Sherbrookeko Unibertsitatea, DIPC) "Elektroiak iraultza quantikoaraen atarian” izenbrua duen hitzaldia emango du.  

 

Kongresuaren garrantzia

Aitor Cevidanes Miranda (NEIKEReko ikertzailea eta UEUkidea) Batzorde Dinamizatzaileko koordinatzailea da, eta berarentzat Ikergazte kongresua “arnasgune paregabea” dela azaldu du. “Goi mailako ikerketak aurkezten dira, eta hori guztia euskaraz. Ikaragarria da hori”, jarraitu du, eta disziplina anitzeko kongresua izateak aukera ematen duela ikerketa-burbuilatik irten, eta beste diziplina eta lan egiteko modu batzuk ezagutzeko.  Horretaz gain, gazteentzako erakusleiho aparta ere badela azaldu du.

Batzorde Dinamizatzaileak egitarau soziala ere prestatu du, ikertzaile gazteak elkar ezagutu eta Bilboko hainbat ekimen ezagutzeko helburuarekin. Bertaratuko direnek aukera izango dute beldur eszenikoa gainditzeko, Bilbo ezagutzeko, Ikerl(h)ari podcastaren grabaketa egiteko, “La Sinsorga” kulturgune feministara joateko, akroyoga ikastaroa eta afari bereziaz gozatzeko.