Gaztetxeek errepresioari aurre egiteko deia egin dute

uriola.eus 2025ko mai. 8a, 11:51

Azken asteotan gaztetxeen kontrako erasoak areagotu egin dira. Gertaera hauek poliziaren helburua gazte antolakundeak inolako inpunitaterik gabe zapaltzea dela erakusten dute. Beraz, antolatzeko eta haien defentsan borrokatzeko dei egiten dute.

Euskal Herriko hainbat gaztetxe eta gazte asanblada elkartu ziren atzo, hilak 7, arratsaldean Unamuno Plaza, azken hilabeteetako polizia-errepresioa salatzeko eta proiektu hauen garrantzia aldarrikatzeko. 

Azken asteotan gaztetxeen kontrako erasoak areagotu dira, adibide garbia Etxarri II gaztetxearen desalojoan ikusi izan zen. Egun horretan, Ertzaintzak ehunka lagun oldartu zituen, zauritu ugari eraginez, lau atxiloketa eta pilotakada baten ondorioz ospitaleratu bat. Gertaera honek poliziaren helburua gazte antolakundeak inolako inpunitaterik gabe zapaltzea dela erakusten du.

Kiñu eta Matrailu gaztetxeak ere desalojo arriskuan daude, Txirbilenea jada desalojatu dute eta Durangon okupatu zen gaztetxearen ondorioz 4 kide epaituak izan dira. Hala ere, borrokak emaitzak eman ditu: Burlatan espazioa mantendu da, eta Gernikan gaztetxe berria berreskuratu dute. Horiek guztiak herritarren babesari eta gazteen lankidetzari esker lortu dira. 

Gizarte krisialdi honetan, gaztetxeak ezinbestekoak dira gazteentzat. Langabezia, lan baldintza txarrak eta diskriminazioa pairatzen dituztenean, espazio hauek babesleku eta ikaskuntza gune bilakatzen dira horientzat. Bertan, pentsamendu kritikoa lantzen da, ekimen kulturalak sortzen dira eta langile klasearen aldeko borroka antolatzen da. 

Gainera, gaztetxeek ideologia arrazista eta faxistaren aurreko hesia dira. Haien ateak zabalik daude herriko gazteentzat, baina itxita zapaltzaileentzat. Hala ere, instituzioek proiektu hauek mehatxutzat hartzen dituzte, eta legez kanpo jartzen saiatzen dira. 

Agerraldi honen bidez, Euskal Herriko gazteei dei egiten diete gaztetxeetara hurbiltzeko, antolatzeko eta haien defentsan borrokatzeko: “Gaztetxeak gureak dira, eta defendatuko ditugu!”