AEKk udako barnetegien eta ikastaroen kanpaina abiatu du: Udan ere, euskaraz eroso. Horrela, udako hilabeteetan nahi duen orok euskara ikasteko eta praktikatzeko aukera izango du. Izan ere, AEKren xedea Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea izanik, ikasten ari direnei bide hori eroso egiteko baliabideak eskaintzen dizkie etengabe, baita udan ere.
Barnetegietan ibiltzen diren irakasleek eta ikasleek aitortu dute barnetegia dela udan euskara ikasteko eta maila hobetzeko modurik atsegin eta azkarrena. Izan ere, denetik egiteko aukera dago: eskoletarako, txangoetarako, ekintzetarako, lagun berriak egiteko... Azken batean, egun osoan euskaraz bizitzeko aukera ematen die ikasleei. Aurrerapauso handia da, hortaz, haien euskalduntze prozesuan.
Aurten, Arantzan (Nafarroa), Foruan (Bizkaia), Adunan (Gipuzkoa), Urepelen (Nafarroa Beherea) eta Mendikotan (Zuberoa) antolatu ditu barnetegiak AEKk, helburu ezberdinak dituen jendearentzat (euskalduntzea, egiaztagiriak lortzeko azterketak prestatzea, Zuberoako euskalkia ikastea eta/edo seme-alabekin euskaraz mintzatzeko ohitura hartzea). Hala, A2tik C1era arteko mailak eskainiko dira Arantzan eta Foruan; A1etik C1era bitartekoak, Urepelen; B2 eta C1 mailak egiaztatzeko azterketak prestatzekoak, Arantzan; xiberera ikastekoa, Mendikotan; eta familia barnetegiak (B1, B2 eta C1 mailak), Adunan.
Bestalde, barnetegietako egonaldiez gain, AEKren euskaltegi gehienetan ikastaro trinkoak eskainiko dira, euskara ikasteko zein azterketa ofizialak prestatzeko. Eskolarik jaso gabe mintzapraktika soila egin nahi dutenek, berriz, bi aukera izango dituzte: ohiko formatua (interesen araberako taldeak osatuta) eta Ibiltaria, Euskal Herria oinez zeharkatzen duena.