Bilboko Konpartsak, Gasteizko Txosnak eta Donostiako Piratak herri-ekimenen ordezkariak, alarma-mezu bat zabaldu dute gaur goizean Bilbon, hilaren 8an. Jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan daudela salatu dute: “Aisia merkantilizatuta dagoen garaian, instituzioek, eredu hori babestu beharrean lehentasuna ematen diete irabazi asmoa duten jarduerei”.
Oztopoen artean, tramite administratiboen zama, kostuen garestitzea, araudi murriztaileak eta espazio publikoa erabiltzeko trabak aipatu dituzte. “Arriskuan jarri dute adierazpen kolektibo hauen etorkizuna, irabazi asmorik gabeko txosna eta jaiena”, gehitu dute.
Maite Aranaldek (Gasteizko Txosnak), Iker Martinek (Bilboko Konpartsak) eta Joseba Cornagok (Donostiako Piratak) gaurko agerraldian gogora ekarri dute herri-jaietako txosnak irabazi asmorik gabeko ekimenak direla, boluntarioek kudeatutakoak, eta "anomalia" dela haien izaera ez aitortzea, eta administrazioak ez izatea haien beharretara egokitutako esparrurik. “Ez gara enpresak, ez gara ekitaldi komertzialak, boluntarioak gara”, gaineratu dute, eta txosnak “gure herriaren altxorra” direla aldarrikatu dute.
Gogorarazi dute milaka eta milaka pertsona antolatzen direla urtero jai herrikoiak ospatu ahal izateko, eta urtero frogatzen dutela posible dela. “Guretzat ez dago gauza ederragorik jaiak antolatzeari eskaintzen diogun denbora baino. Eta ez dago gauza tristeagorik hainbeste maite dugun eta guztion artean hainbeste gozatzen dugun hori desagertzeko arriskuan ikustea baino”, amaitu dute.
Bilboko Aste Nagusia hasteko 100 egun falta direnean, baina baita Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietarako 88 eta Donostiako Aste Nagusirako 93 falta direnean ere, Bilbon elkartutako hiru hiriburuetako herri-jaien ordezkariek ekitaldi handi batera bertaratzeko deia egin dute txosnen eta herri-jaien defentsan. Ekitaldia maiatzaren 31n izango da Miribillan.