144 pertsona eta talde batu dira Gure Eskuk ekainaren 7an deitutako mobilizazio nazionalera

uriola.eus 2025ko mai. 13a, 10:54

Burujabetzaren bideari bultzada emateko Gure Eskuk Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean Bilboko kaleak beteko ditu ekainaren 7an Bilbon. 144 pertsona eta talde horren aldeko manifestua sinatu dute.

Gure Eskuk Bilbon Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki leloa izango duen manifestazioa deitu du ekainaren 7an, Bilbon. Honetan, burujabetzaren bideari bultzada emango diote eta Euskalgintzako eta euskal kulturgintzako 144 pertsona eta taldek manifestu bat sinatu dute atxikimendua adieraziz.

“Ez dugu gure herria irudikatzen euskararik eta euskal kulturarik gabe. Baina, gaur gaurkoz, ez daude mehatxuetatik libre”, adierazi dute sinatzaileek eta salatu egin dute euskaldunek ez dituztela hizkuntza eskubideak bermaturik. Euskararen normalizazioaren bideari oztopoak besterik ez dituztela zehaztu dute: “Euskararen erabilera, garapena eta unibertsalizazioa trabatzen ari dira”.

Horren aurrean, euskara eta euskal kultura biziberritzea premiazko urratsa dela diote: “Bada garaia euskara Euskal Herri osoan aitortua izateko, hizkuntza ofizial gisa, eta dagozkion eskubide guztiekin”. Horrekin batera, sormena, sortzaileak eta euskal kulturaren aberastasuna eta transmisioa sustatu eta babesteko tresna eta politika berriak behar dituztela aldarrikatu dute”.

Horregatik, Euskal Herriaren erabakitzeko ahalmenean eta burujabetzaren bidean jauzi bat eman beharra nabarmendu dute. Eta ildo horretatik, bat egin dute Gure Eskuren ekainaren 7ko ekimenarekin.

 

Sinatzaileak

144 pertsona eta taldek sinatu dute burujabetzaren bideari bultzada eman nahi dion manifestua, horien artean aurkitu daitezke musika taldeak, bertsolariak eta idazleak.

Bengo taldea, Amaia Oceirn, Bulego, Dupla, Anje Duhalde, Harkiatz Cano, Miren Amuriza, Oihana Bartra, Patxo Telleria, Alaia Martin, Albina Stardust, Itziar ituño, Jon Maia, Joxe Mari Agirretxe Kerexeta "Porrotx", Katixa Agirre, Kike Amonarriz, Mertxe Rodriguez Serrano "Marimotots", Skabidean taldea, Uxue Alberdi, Yogurina Borova, ZETAK…  batu dira, besteak beste. Hona hemen zerrenda osoa.