EITBren norabidea zalantzan jarri du Aldatu Gidoiak INPUT konferentzian egindako adierazpenen harira

uriola.eus 2025ko mai. 13a, 12:29

Aldatu Gidoiak itxurakeria gisa jo ditu egindako adierazpen, eta salatu du praktikan EITBk kontrako norabidea hartu duela: euskararen ordezkapen linguistikoa areagotu, marko espainiarra indartu eta euskaldunak erdarazko edukietara bideratzen dituela.

Aldatu Gidoia egitasmoak gogor kritikatu ditu EITBko zuzendari Andoni Iparragirrek maiatzaren 3tik 7rako INPUT konferentzian egindako adierazpenak, bere ustez ez baitatoz bat talde publikoak azken urteetan izan duen jardunarekin. Bertan, Iparragirrek adierazi zuen euskal ikuspegiaren, euskararen, kulturaren eta zerbitzu publikoaren alde egiten duela komunikazio taldeak. 

Hala ere, Aldatu Gidoiak itxurakeria gisa jo ditu adierazpen horiek, eta salatu du praktikan EITBk kontrako norabidea hartu duela: euskararen ordezkapen linguistikoa areagotu, marko espainiarra indartu eta euskaldunak erdarazko edukietara bideratzen dituela. EITB sortu zeneko helburuetatik urrun dagoela diote, eta ezinbestekoa dela sakoneko eraldaketa bat abiatzea zerbitzu publiko izateko.

Egitasmoaren arabera, hedabide publiko batek zuzendaritza independentea izan behar du, eta ezin du egon alderdi politikoen zerbitzura. EITBren egungo eredua aldatzeko, demokratizazio prozesu zintzo eta sakon bat abiaraztea eta gobernantza berria ezartzea proposatzen dute. Horretarako, Sorrera Legea aldatzea ere funtsezkotzat jotzen dute.

Zerbitzu publikoaren eredua auzitan

Aldatu Gidoiak kritikatu du Israelek konferentzian parte hartu izana ere, eta eskatu dio INPUT erakundeari estatu hori etorkizuneko edizioetatik kanpo uzteko, haren parte-hartzea genozidioaren zuriketa gisa ulertzen dutelako. Bestalde, Pantailak Euskaraz ekimenaren lana txalotu dute, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzeko egiten ari diren ariketa kolektiboa nabarmenduz. Haien ustez, herritarren aktibazioa izango da erakundeak mugiarazteko giltzarria.