Hizkuntza harrerak aztertuko dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak

uriola.eus 2025ko mai. 15a, 09:16

Euskararen normalizazio eta biziberritzeko prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea, eta, horretarako, ezinbestekoa da harrera egokia egitea. Aurtego bigarren jardunaldietan, horri buruz arituko dira ekainaren 5ean eta 6an.

Ongi etorri euskararen mundura. II. Harrera jardunaldiak antolatu dituzte, urtero bezala, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan ekainaren 5ean eta 6an BIlboko Arrupe Etxean. Iazko jardunaldiei jarraipena emango diete bi helbururekin: hizkuntza harrerari buruzko ezagutza ekoiztea, eta, ezagutza horretatik abiatuta, harrera protokolo egokiak diseinatzea erakunde eta eragileen aldetik esku-hartze egokiak bideratzeko. 

Aurreko urtean hausnartutako harrera egoki baterako zumeei buruz aritu ostean, aurten, hausnarketa horiek indarrean jartzeko aukerez hitz egingo dute, martxan dauden harrera plan eta praktikak elkarbanatzeko aukera emanez. Euskararen normalizazio eta biziberritzeko prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea, eta, horretarako, ezinbestekoa da harrera egokia egitea. Zentzu horretan, sortzen ari diren gogoeta eta praktikak elkarrekin partekatuko dituzte, eta harrera egiten duten hainbat eremutako esperientziak jasoko dira, bai maila instituzionalean eta baita maila komunitarioan ere. 

Era berean, hainbat bizipen pertsonalen berri ere bilduko da, etorri berrien ikuskera eta hizkuntza harrera modu desberdinetan jaso dutenen hausnarketak ezagutzeko. Modu horretan, harrera protokolo egokiak diseinatzeko beharrezkoa den ezagutza pilatu eta partekatuko da. 

Jardunaldiak doakoak izango dira, eta beharrezkoa da izena ematea webgunean, ekainaren 2a baino lehen.

Jardunaldiek euskararen eta migrazioaren arteko elkarlanerako guneak sortzeko eta euskalduntze prozesuari buruzko ikuspegi berriak eskaintzeko parada ezin hobea eskainiko dutela azpimarratu dute Kontseiluak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. 

 

Eguneko egitaraua

Hizkuntza harrera maila instituzionalean egiten duten hainbat esperientziaren berri jasoko da ekainaren 5ean. Lehenengo hitzaldia Katalunian egiten den harrera linguistikoaren inguruan izango da Vanessa Bretxaren eskutik, Katalanaren Ezagutza Eskuratzeko eta Erabilera Sustatzeko zuzendari nagusia. Ondoren,  harrera linguistikoari marko orokorra jarriko dio Belen Uranga Arakistain Soziolinguistika Klusterreko ikerlari eta Bat Soziolinguistika Aldizkariaren koordinatzaileak. Goizarekin bukatzeko, solasaldia antolatu dute Euskal Herrira heltzen diren migratzaileen ibilbideari buruz aritzeko. Horretan, SOS Arrazakeriko Mikel Mazkiaranek eta prozesua lehen pertsonan bizi izan duen kide batek parte hartuko dute. 

Euskarabidearen eta hainbat udalerritako harrera proiektuen arduradunek erakunde publikoen rola eta erantzukizunaz hitz egingo dute arratsaldeko mahai-inguruan, euren esperientzia, azterketa eta diagnostikoak partekatuz.

Bigarren egunean, hizkuntza harrera maila komunitarioan egiten duten hainbat proiektu ezagutu ahal izango dira. Baina, aurrena, hainbat lekukotza jasoko dira, eskolaratzean euskararik jaso ez dutenen eta euskara helduaroan jaso dutenen gogoetak entzuteko. Goizak bi mahai-inguru izango ditu. Lehenengoan, hezkuntza komunitatearen eremuan landu diren harrera esperientzia batzuk bilduko dituzte: Josune Zabalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak, Ongi Etorri Eskolara proiektuko Garazi Zarauzek, eta  Ikastolen Elkarteko Zirimola aisialdi taldeko Pulunpa (e)ta Xin!eko Odei Guirado pedagogoak. Bigarrenean, hizkuntz harrera eta kulturartekotasuna lantzen duten proiektu komunitarioak ezagutu ahal izango dira.

Eguna bukatu eta jardunaldiei itxiera emateko, hizkuntza harrera proposamenen inguruan eztabaidatzeko ariketa dinamizatua egingo da, entzundakotik egindako hausnarketak jaso eta aurrera begira eman daitezkeen pausoen inguruan adostasunak bilatzeko.