I. Bilbo Martxan Minbiziaren Aurka lelopean, familia osoari zuzendutako martxa solidarioa antolatu du Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak ekainaren 8an, goizeko 11:00etan. 4,5 kilometro dituen ibilbide hau, Bilboko Itsas Museoko zabalgunean hasi eta bukatu da. Gainera, goiz horretan jarduerak egin eta informazioa emateko gune bat egongo da adin guztietako pertsonen esku (tailerrak, erakusketa, photocalla...), prostata minbizia ikertu eta prebenitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko presidentea den Mila Gullónek martxaren helburuak adierazi ditu gaur goizean, hilak 15, Bizkaia plazan egindako agerraldian: “Ekimen honen bidez bizi ohitura osasuntsuak sustatu nahi ditugu herritarren artean, oro har, baina baita ere prostata minbizia prebenitu eta ikertzearen garrantziaren gaineko kontzientzia piztu, batez ere gizonezkoen artean. Horregatik, martxa honen bidez, prostata minbiziaren aurrean inplikatzera eta gaixotasun honi ikusgarritasuna ematera animatu nahi ditugu herritarrak”.
Lehen edizio honetan, erakundeak mila pertsona inguruk parte hartuko dutela aurreikusi du. “Aurten, Bilbon lehen aldiz egingo da lasterketa solidario hau. Oso arrakastatsua izatea espero dugu”, adierazi du Asís Canales Iberdrolako Baliabideen eta Zerbitzuen zuzendariak, eta horregatik, bizkaitarrak animatu ditu korrika egitera eta “egun osasuntsu bat gozatu eta merezi duen helburu honetan lagun” dezaten.
Interesdunek web-orrian eman ahalko dute izena. Izen-emate arruntak 10 eurokoak izango dira eta 12 urtera arteko haurrenak 8 eurokoak (kamiseta eta dortsala barne).
Prostata minbizia: gizonen artean gehien agertzen den tumorea
Prostata minbiziaren ziozko heriotzaren hirugarren kausa da; Minbiziaren Aurkako Elkartearen Behatokiak emandako datuen arabera, 2024an 1.776 kasu berri diagnostikatu ziren EAEn; horietatik 930 Bizkaian.
Testuinguru honetan, Bizkaiko Elkarteak gaixotasun honen gainean duen konpromisoa nabarmendu du elkarteburuak. Horren lekuko, gaur egun bi ikerketa zentrotan (CIC bioGUNE eta EHU) prostata minbiziaren gaineko 7 proiektu babestu, eta 1,8 milioi eurotik gorako ekarpena egiten du.
Bestetik, Koldo Bilbao BBK banku Fundazioko Kulturako arduradunak nabarmendu duenez, “erakundeak guztion aukera-berdintasunaren eta ongizatearen gaineko konpromiso sendoa dauka, Bizkaia oparoa, kohesionatua, inklusiboa eta jasangarria lortzeko”. Horrez gain, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak egiten duen lana nabarmendu du, “errealitate honi ikusgaitasuna eman eta tratamendu eta diagnostiko berriak ikertzeko zeregin garrantzitsua aldarrikatzeko orduan egiten duen ahaleginagatik”.