Bilbok kultura aniztasuna ospatuko du maiatzaren 21ean

uriola.eus 2025ko mai. 20a, 07:52

Udalak ekitaldi bereziak antolatu ditu kulturarteko elkarrizketa eta bizikidetza sustatzeko. Maiatzaren 18tik 24ra, antzerkia, futbol soziala eta Afrikako kulturaren ospakizunak izango dira. Herritar guztiak gonbidatzen dituzte aniztasunaren balioak batera ospatzera.

Bilboko Udalak Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatuko du maiatzaren 21ean. Nazio Batuen Erakundeak 2001ean ezarritako data garrantzitsu honetan, kulturarteko elkarrizketa eta bizikidetza sustatzeko ekitaldi bereziak antolatuko ditu. UNESCOk Kultura Aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsala onartu zuen urte berean, eta orain Bilbok bere ekimen propioekin bat egingo du helburu horrekin.

Karina Mosquedaren ilustrazioekin egindako kanpaina berezia "Aniztasunaren abantaila" leloa duen Europako Kontseiluak bultzatutako kulturarteko ikuspegian oinarritzen da. Material guztiak udal instalazioetan eta sare sozialetan ikusgai egongo dira.

Artea eta hezkuntza uztartzen dituen jardunaldi bat egongo da gaur arratsaldean, hilak 20, BBK Kunan, Bakearen kulturari eskainitako "Hezkuntza, Arteak eta Herritartasuna" VIII. Mintegiaren barruan. Jardunaldi honetan bizikidetza bidezkoa, inklusiboa eta bakezkoa sustatzea izango da helburu. Futbol sozialaren ekitaldi berezia egongo da gaur ere UEFAko Fan Zone eremuan, Areatzan. Dragones de Lavapiés taldeak etxegabetu eta aterpe-egoeran dauden pertsonen gizarteratze prozesuan futbola nola lagungarri den erakutsiko du. Ekitaldi honetan Bilboko hainbat gizarte-eragile eta Athletic Clubek parte hartuko dute.

Azkenik,  "Afrika Egunaren" zortzigarren edizioa pasa den amaitzaren 18an hasi zen Itsas Museoan. Edizio honetan afrikar kultura eta aniztasuna ospatuko dira artearen, musikaren, gastronomiaren eta beste jarduera batzuen bidez. Jardunaldi nagusia maiatzaren 24an izango da, Afrikaren Nazioarteko Egunaren bezperan (maiatzak 25).

 

Lankidetzak eta parte-hartzea

Bilboko Udalak ekimen hauek garatzeko hainbat eragilerekin lan egiten ari da. Horien artean daude UN Etxea, Athletic Club eta gizarte-eragile lokalak. Udalak Garapen Lankidetzaren 30. urteurrena ospatzen ari da, eta ekitaldi hauek ospakizun horren barruan daude. Kulturarteko elkarrizketa eta aniztasunaren balioak sustatzeko helburuarekin, Udalak herritarrei parte hartzera gonbidatzen die ekitaldi guztietan.