Zinegoak bere 22. edizioaren programazioa eta kartela aurkeztu ditu. Hainbat ekitaldi eskainiko ditu ekainaren 23tik 30era bitartean, Azkuna Zentroa, Bilborock, Guggenheim eta beste espazio batzuetan. Alaitz Arenzana zuzendariaren hitzetan, "arreta berezia jarriko diegu disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia sareei eta afektuei. Egitura tradizionaletatik, hegemonikoetatik eta patriarkaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu behar dira”.
Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren kartelean Lisinichiak serigrafiaren estiloa erabili du, kolore lau eta forma sendoez osatuta. Artistak azpimarratu du queer komunitatearentzat lan egiteak berezia dela, eta Euskal Herriarekiko miresmena adierazi du.
Programa zabala eta anitza
Aurre-jaialdia ekainaren 21 eta 22an izango da, antzerki, kontzertu eta performanceekin. Ondoren, film luze eta laburrak, eztabaidak eta nazioarteko zinemagileen topaketak egongo dira. Arriaga Antzokian inaugurazio ekitaldia egingo dute, eta Lisinichiak horma-irudi bat ere sortuko du jaialdiaren irudian oinarrituta.