Bada garaia, beto politikorik ez! lelopean, jaietako gunean parte hartzea ukatu dietela salatu dute Bilboko Luberri konpartsak eta Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak. egoera bideratzen, elkarrizketak bultzatzen eta irtenbide bat adosten saiatu izan dira, baina Bilboko Konpartsetatik eta Gasteizko Txosnetatik kanpo utzi dituztela adierazi dute.
Gaur goizean Emakumeen Azaroaren 25eko Plazan egindako egindako agerraldian gogora ekarri dute iaz Herri Mugimenduko 100 eragile inguruk eta 150 kulturgile baino gehiagok adierazpen bana sinatu zutela betoak salatuz. Horretan, Luberrik, Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak jaietan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatu zuten. “Gaur hemen batu garen hiru eragileok gure borondatea adierazi genuen Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko Txosna Batzordearekin elkarrizketak abiatzeko. Zoritxarrez, urtebete beranduago egoerak blokeatuta jarraitzen du”, adierazi dute.
Luberri eta Bilboko Konpartsaken kasuan, ikasturte honen hasieran berriro eskatu zuen Konpartsetan parte hartzea. “Urtarrilean eztabaidatu omen zuten gaia eta bertan, Luberri sartzearen alde konpartsa askok egin bazuten ere, berriro kanpoan uztea erabaki zuten”, nabarmendu dute.
Gasteizko kasuan, azaldu duten kurtso hasieran berriro eskatu ziotela Txosna Batzordeari, baina ez zutela erantzunik jaso. Urtarriletik aurrera aurten GKS eta Etxebizitza Sindikatuaren artean txosna bat izatearen proposamena egin zuen Batzordeko eragile batek, baina salatu dute ez dutela proposamena modu serioan landu, eta horregatik, aurten ere Txosna Batzordeak ez duela egoerari irtenbidea emateko borondaterik izan.
Hiru eragileen ustez bazterketak arrazoi politikoak ditu: “Bi hiriburuetan Sortuk ordezkatzen duen ingurune politikoa etengabe aritu da Mugimendu Sozialistaren aurkako mesfidantza eragiten, jaiekin zerikusirik ez duten interes politikoek bultzatuta”. Gaineratu dute jarrera horren oinarrian dagoela Mugimendu Sozialista “konpetentzia politiko gisa” ikustea eta horri aurre egiteko “blokeo eta difamazio estrategia” erabili dutela.
Hiru eragileak “elkarlanerako prest” agertu dira: “Guk elkarrizketarako eta elkarlanerako prest jarraitzen dugu, eta uste dugu aurtengo jaiei begira oraindik denbora dagoela konponbide bat adosteko”.
Jai herrikoien eta txosnen defentsa
Prentsaurrekoan ere seinalatu egin dute instituzioek “gero eta traba gehiago” jartzen dizkietela jai herrikoiei eta zehaztu dute eurek bat egiten dutela jaiak eta txosnak defendatzeko beharrarekin: “Horregatik, argi adierazi nahi dugu jaiei ezartzen ari zaizkien murrizketen aurka ekarpena egiten jarraituko dugula Mugimendu Sozialistatik”.