ELA, LAB, STEILAS, EHNE, HIRU eta Etxaldek bat egingo dute Gure Eskuren mobilizazioarekin

uriola.eus 2025ko mai. 21a, 07:44

Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean, mobilizazioa burujabetzaren aldeko pausoa izango da, arlo askotan erabakitzeko gaitasuna mugatua delako: gutxieneko soldata, pentsioak, funtzionario kopurua edota nazioarteko eragina, besteak beste.

ELA, LAB, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, baita Etxalde mugimenduak ere, baieztatu dute parte hartuko dutela Gure Eskuk ekainaren 7an Bilbon antolatutako mobilizazio nazionalean. Ekimenak "Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki" izango du lelo.

Parte-hartze hau erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak azken asteetan hainbat eragile sozial eta politikorekin egindako bileretan zehar iragarri dute. Gure Eskuk adierazi du herritarren hitza ezinbestekoa dela estatus politikoari buruzko eztabaidan.

Josu Etxaburu GUre Esku bozeramailearen hitzetan, “gai hau ez da alderdi politikoena soilik; herritarron eta eragile sozialen ekarpena ere beharrezkoa da”. Nabarmendu du Euskal Herriko lurraldeetan dagoen autogobernu maila ez dela aski gaur egungo erronkei aurre egiteko.

Burujabetza gehiago eta eraginkorragoa eskatu dute, arlo askotan erabakitzeko gaitasuna mugatua delako: gutxieneko soldata, pentsioak, funtzionario kopurua edota nazioarteko eragina, besteak beste.

 

Hitzordu zabal eta garrantzitsua Bilbon

Etxaburuk herritarrei parte hartzeko deia egin die: “aukera dago Euskal Herriaren burujabetzan benetako pausoak emateko, baina horretarako herri aktibazioa ezinbestekoa da”. Azpimarratu du inoiz ez dela ezer lortu herritarren bultzadarik gabe.