Euskaraldiari amaiera emateko ekitaldiak antolatu dituzte Bilboko lau auzotan

uriola.eus 2025ko mai. 22a, 14:40

Ekitaldiak Santutxu, Atxuri, Indautxu eta Zorrotzan egingo dira maiatzaren 22 eta 24an, tailerrak, kalejira, antzerkia eta beste hainbat jarduerekin.

Euskararen aldeko kanpainaren azken egunei amaiera emateko ekitaldi bereziak prestatu dituzte maiatzaren 22 eta 24 egunetan Bilboko Santutxu, Atxuri, Indautxu eta Zorrotza auzoetan.

Gaur, maiatzaren 22an, Santutxuko Karmelo Plazan, Casteller tailerra egingo dute arratsaldeko 19:00etan. Euskal Herriko Casteller Taldeak gidatutako jardueran, parte-hartzaileek giza dorreak eraikiko dituzte. Ondoren, sagardo-topa egingo dute giroa gozatzeko.  

Atxuri Eskolan, berriz, argazki herrikoia, kalejira eta mural kolektiboa izango dira arratsaldeko 16:30etik aurrera. Auzotarrek parte hartu ahal izango dute Euskaraldiaren omenezko margolan batean.  

Egun berean, Indautxuko AEK Euskaltegian, auzoko eragileak bilduko dira 19:15ean. Euskaraldiaren inguruko esperientziak eta proiektuak partekatuko dituzte.  

Zorrotzan jai egun osoa

Azkenik, maiatzaren 24an, Zorrotza auzoan ekitaldi ugariz betetako eguna antolatu dute. Goizean umeentzako antzerkia eta herri kirolak izango dira, eta arratsaldean bazkari herrikoia, bingoa eta DJ saioa. Askabide tabernan musika eta poteoarekin amaituko dute jai eguna.