Irati Iziar: “Ederra izan da ikustea Euskal Herriko txoko ezberdinak Euskaraldiarekin loratu egin direla”

uriola.eus 2025ko mai. 26a, 14:45

Euskaraldiaren hamaika eguneko ariketa praktikoa amaitu da, eta ia 135.000 lagunek hartu dute parte euskararen erabilera sustatzeko ekimen honetan. Koordinazio Mahaiak balorazio positiboa egin du, herritarren eta eragileen konpromisoa nabarmenduz.

Atzo bukatu zen Euskaraldia, hamaika eguneko ariketa praktikoa, eta ia 135.000 lagunek hartu dute parte euskararen erabilera sustatzeko ekimen honetan. Laugarren edizio honek inoiz baino herri gehiago bildu ditu, 450 inguruk antolaketa lanetan parte hartuta.

Ekitaldiak herritarren konpromisoa erakutsi du, 135.000 lagunek izena eman zuten ofizialki, eta milaka gehiagok parte hartu zuten izenik eman gabe. Aurreko edizioekin alderatuta, entitateen parte-hartzea ere handitu da, 7.500tik gora erakundek beren ekimenean txertatu baitute euskararen erabilera.

Gaur egindako agerraldian, Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak bildu dira lehen balorazioa egiteko. Bertan, Irati Iziar, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakariak; Javier Arakamak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak; Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordeak; David Airek, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduradunak; eta Jon Kobeagak, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideak, hartu dute parte.

Irati Iziar Madinabeitiak tokian toki sortu diren batzordeen balorazioa egin du.  “Inoiz baino herri gehiagoren artean antolatu da Euskaraldiaren laugarren edizioa”, eta azpimarratu du horrek esan nahi duela inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharraren ideia baita antolatzeko ilusioa. “Herri batzordeekin izan ditugun harremanetatik aurreko edizioetan bezain osasuntsu eta indartsuago aritu dira aurtengoan”, gehitu du David Airek.

450 herri murgildu ariketa honetan eta mugimendu hau sortzeko baliatu den esfortzua azpimarratu du: “Ederra izan da ikustea Euskal Herriko txoko ezberdinak Euskaraldiarekin loratu egin direla”, aitortu du. Euskal Herri osoko herri eta auzoetan Euskal Herri buruko mugimendua sortzea da ariketaren lehen egitekoetako bat eta ehundaka ekitaldik hala erakutsi dute: “Horrek ekarri du euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatzea 11 egun hauetan”, nabarmendu du Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduradunak.

 

Udazkenetik udaberrira

Askotan aipatu izan duten moduan, Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat urtaro aldaketa izan da: udazkenetik udaberrira. Batzordeek oso ondo baloratu dute batzordeek eta gainerako eragileek. Izan ere, aldartean eta giroan onura ekarri baitu bai herrian baita batzordekideen artean ere.  

Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordeak, entitateen partaidetzaren garrantziaz aritu da. 2020an, Euskaraldiaren bigarren edizioan, entitateek parte har zezaten proposatu zuten euskararen erabileran eragiteko garrantzizkotzat jo zituztelako. “Laugarren edizio honek erakutsi du, beste behin ere, mota guztietako entitateek

euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak emateko prest daudela”, zehaztu du Aldarosok.

 

135.000 lagun

Aurtengo edizioan ia 135.000 lagunek eman dute izena. Hala ere, Javier Arakamak aipatu du jende askok izena eman gabe hartu duela parte aurreko urteetan izena eman zutelako  eta berriro ematea beharrezkoa iruditu zaielako. “Horrek erakusten du datuek esaten dutena baino jende gehiago dagoela euskararen erabileran jauzi bat emateko gogoz”, azpimarratu du Arakamak.

Hala ere,  nahi baino, txapa gutxiago ikusi dituztela onartu du Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak, eta hori aztertuko dute datozen asteetan: “Zergatik, pertsona batzuk txapa hartu baina gero janzten ez duten”. Dena den, uste dute orain arte iritsi ez diren herritar geruza batera ere iritsi direla.

 

Euskara erdigunera

Ariketak euskararen erabilera berriz ere erdigunera ekartzea lortu duela adierazi du Jon Kobeagak.  “Milaka eta milaka herritarrek ahobizi edo belarriprest rola aukeratu dute eta hamaika egun hauetan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egin dute”, azpimarratu du, baita eta Euskaraldiaren eraginkortasuna ere.

Oraindik ere airketan balorazio sakonagoa egiten jarraituko dute Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek. Balorazio hori egiteko garrantzitsua izango da Euskaraldian parte hartuko duten belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jasotzea, horretarako dei egin diete parte hartzaile guztiei https://euskaraldia.eus/bizipenak/ gunean sartu eta ariketan bizitakoak parteka ditzaten.

“Hizkuntza ohitura ez dira gauetik goizera aldatzen, baina apurka-apurka, urratsez urrats, bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea, edo elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohikoa bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak bizirik”, amaitu du Kobeagak.