Mirian Campos: “Benetan sinetsi behar dugu aukera bat daukagula gure etorkizuna libre eta demokratikoki hautatzeko”

uriola.eus 2025ko mai. 27a, 11:42

Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopeko jardunaldia ospatuko du Gure Eskuk Bilbon datorren ekainaren 7an, Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duela aldarrikatzeko. Honekin batera, igande honetan, ekainaren 1ean, Bizkaiko deiadar mendietarako irteera antolatu du, eta hortik ekainaren 7rako deialdia egingo dute. Bilboko mendi irteera Ganekogortara izango da. Mirian Campos Bilboko Gure Eskuko kideak xehetasunak eskaini dizkigu.

Datorren ekainaren 7an mobilizatzeko deia egin duzue Bilbon, ziklo politiko berri baten hasiera irudikatuko duen mobilizazioa. Zergatik horrelako planteamendua orain?

Erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida egungo agenda politikoan dagoela uste dugu, Gasteizko eta Nafarroako Parlamentuetan, Ipar Euskal Herrian ere. Gainera, gaur egungo gizartean, sektore desberdinetatik horri heltzeko aukera bat dago, baita nahi bat ere, nolabait jauziak emateko eta herri mailako akordioak lortzeko. Adibidez,  euskararekin, argi ikusten dugu gure hizkuntzaren kontrako erasoak daudela; kiroletan ofizialtasunaren inguruko eztabaida dago; sindikatu guztietatik, pentsiodun mugimenduetatik… gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsioa hemen erabakitzeko dinamika oso bat eramaten ari dira aurrera, eta mugimendu feministatik, mahai gainean dago zaintza sistema publikoaren inguruko eztabaida.

Burujabetza eta erabakitzeko hautua egin ahal izateko, mugimendu txikiak dira, eta pentsatzen dugu unea dela herri bezala jauzia egiteko eta hori dena agenda politikoan jartzeko. Horretarako jendea ahaldundu eta mobilizatu behar dugu.

Nola ikusten duzu burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen egoera?

Egia da txikitik handira prozesu oso bat egin behar dugula, baina dinamikaren leloak dioen moduan, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki, horretara goazela erakutsi nahi dugu, jendea lotu eta gizartea ahaldundu: benetan sinestea herri bezala aukera bat daukagula gure etorkizuna libre eta demokratikoki hautatzeko. Beste prozesu batzuetan ikusi dugun bezala, Katalunian edo Eskozian, jauzi bat egin behar dugu eta gihar hori kalean erakutsi ekainaren 7an.

Aipatu duzue funtsezkoa dela indarrak batzea eta bidea elkarrekin egitea. Nolakoa izan da hilabete hauetako bidea?

Duela hilabeteak hasi ginen antolatzen, barne-bilerak, batzar irekiak…egiten, norbanakoekin, kuadrillekin, eragileekin… Beste batzuk propagandan eta aktibismoan ibili dira deialdia zabaltzen, (derbyetan, jaietan, ekitaldietan…).  Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki aldarrikapenak kalean egon daitezen antolatzen ari gara eta ekainaren 7arako jende asko beharko dugu bolondres gisa lan egiteko. Esango nuke, jendeak badakiela eta agendan ari dela kokatzen. Baina oraindik gehiago zabaldu behar dugu, sareetatik mugitu eta medioetan egon…

Nolako izango da eguna?

Gune nagusiak Plaza Berria, Santiago Plaza eta Mariaren Bihotza Plaza izango dira. Eguna festa giroan ospatu nahi dugu eta goizean zehar eskaintza desberdinak egongo dira, hala nola, txiki gunea Porrotxekin, ipuin kontalariak, bertsolariak, erraldoiak, kalejirak Alde Zaharreko kaleetan zehar, txistulariak, trikitilariak, albokariak…   Casteller-ak ere egongo dira nolabaiteko keinu bat egiteko Kataluniako prozesuari. Arratsaldeko 17:30ean manifestazioa izango da, ekitaldi nagusia, eta gero erromeria eta Bilbo Kantari.

Mundu guztia dago gonbidatua Bilbora etortzeko, egun pasa egiteko eta gozatzeko aldarrikapenarekin batera. Aldarrikapenak festa giroarekin lotzeko egunik egokiena izango da ekainaren 7a.

Honekin batera gauza gehiago egingo dituzue…

Bai, ekainaren 1ean Bizkaiko deiadar mendietara irteera izango da, eta hortik ekainaren 7rako deialdia egingo dugu. Bizkaian historia eta esangura handiko mendiak diren deiadar mendiak euskarri bezala hartu ditugu, eta Bizkaiko eskualde desberdinetatik mendi irteera bat izango da Ganekogorta, Oiz, Kolitza, Gorbeia eta Matxitxakoko gudako oroigarrira. Bilboko mendi irteera Ganekogortara izango da eta 9:00etan geldituta gaude Pagasarriko parkinean.

12:00etan, guztiok gailurretan egongo gara eta adarra joko dugu. Ondoren, guztiok elkarrekin Pagasarriko aterpera joango gara mokadu bat hartzeko.

Eta ekainaren 7a eta gero, zer?

Badakigu nazioarteko aitortza behar dugula eta, aldi berean, munduari erakutsi nahi diogu herri bat garela. Horregatik, nazioarteari lotutako agerraldia iragarriko dugu. Bestalde, gure erabakitzeko eskubidean sakontzen jarraituko dugu. Ez dugu hautatzeko aukera izango, gure herria administratiboki banatuta dagoen bitartean. Nahiz eta simetrikoki prozesu desberdinak abiarazi, behar duguna da guztiok sinkronia batean egotea, eta erakustea sektore desberdinetatik pausuak ematen ditugula eta aurrera jotzen dugula. Horretan sakonduko dugu hurrengo hilabeteetan eta hurrengo urteetan.