Eskola Antzerkiaren XXVIII. Gala ospatuko dute urtero bezala Arriaga Antzokian igandean, ekainak 1. Ekitaldia arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta ekitaldiaren egunean Arriaga Antzokiko leihatiletan erreserbatutako gonbidapen kupo bat egongo da publiko orokorrari zuzenduta.
Ekitaldian edizio honetako muntaia irabazleak ikusi ahal izango dira, guztira zazpi, eta denek 300 euroko saria jasoko dute eskudirutan. Era berean, lehiaketan parte hartzen duten guztiek laguntza ekonomikoa jasoko dute egindako lanagatik, baita diploma bat ere.
Eskola-antzerkiaren Lehiaketa eskola-umeak protagonista dituzten antzezpen, egokitzapen edo sorkuntza propioen erakusketa bat da. Bilboko Udalak 1995. urtetik bultzatzen du Bilboko ikastetxeen artean lehiaketa hau, haurren artean Arte Eszenikoak sustatzeko helburuarekin. Aurten, 8 eta 17 urte bitarteko 365 ikaslek hartu dute parte, Bilboko 11 ikastetxe publiko eta pribatutako 20 antzerki-taldetakoak.
Hauek dira edizio honetan hautatutako zazpi muntaiak:
- TXURDINAGA BEHEKOA INSTITUTUA: Lan eszeniko orokor onena - “Azken asteburua challenge”
- VDA. EPALZA ESKOLA: Proposamen eszenikorik originalena: - “Maitasunaren hazia”
- IBARREKOLANDA INSTITUTUA: Obraren alderdi teknikoak hobeto konpontzea - “Metropolis”
- ELLACURIA ZURBARAN ESKOLA: Antzerki, dantza, zirku edo beste edozein diziplina eszenikoren modalitateak berreskuratzeko lan onena - “Ez nago bakarrik”
- AVE MARIA IKASTETXEA: Lehen hezkuntzako lanik onena - “Mucha mierda”
- ESCLAVAS FÁTIMA IKASTETXEA: Bigarren hezkuntzako lanik onena - “Páginas de dolor”
- VDA.EPALZA ESKOLA: Epaimahaiak izendatutako accesit saria – “Misterioa tren bidaian”