Azken orduko ikutuak Kastañoseko Euskaljaiari hasiera emateko

uriola.eus 2025ko mai. 30a, 13:29

Funikularreko plaza festa giroaz beteko da asteburu honetan. Pregoia arratsaldeko 19:00etan izango da gaur, hilak 30. Kastaños kolorez, musika, dantza eta lehiaketez beteko da, eta asteburu honetan zehar auzoaren indarra eta kultura ospatuko dute.

Salbatzaile Dantza taldeko dantzari eta kide guztiak azken orduko ikutuekin dabiltza Funikularreko plazan, Kastañoseko Euskaljaiari hasiera ezinhobea emateko. Aurreko bi egunetan motorrak berotzen ibili dira asteazkenean Irakurritako Antzerkia ekitaldiarekin eta ostegunean Kastaños Kantarirekin, eta gaur auzotarrak gogotsu daude gozatzen jarraitzeko. 

Maiatzaren 30etik ekainaren 1era Salbatzaile Dantza Taldeak antolatutako euskaljaia auzoaren kultura eta nortasuna ospatzeko aukera izango da. Egitarauak ekintza ugariz betetako asteburua eskainiko ditu, auzokide eta familia guztientzat, auzoa kolorez, musikaz eta dantzaz betetzeko.

Arratsaldeko 19:00etako pregoiarekin batera abiatuko da euskaljaia, eta jarraian musika animazioa egongo da auzoan zehar Marmara Marching Band taldearekin. Aurten, gainera, Alicanteko Cocentaina herriko gonbidatuak izango dituzte eta Muixeranga eskainiko dute. Eraso sexistarik, lgtbfobikorik eta arrazistarik gabeko jaiez gozatuko dutela aldarrika eta gogorarazi du Salbatzaile Dantza Taldeak.

 

Erreleboa hartzeko ordua

Salbatzaile Dantza Taldea ez da bakarrik dantzariz osatutako taldea. Pertsona auzokide asko ere badira Salbatzaile, izan ere, bakoitzak dakienaren alea jartzen du: fanfarria, txistulariak, txosna arduradunak, jostunak, elektrizitatea, txikientzako jarduerak, kontzertuak, soinu teknikariak, komertzioak, komunikazio arduradunak… azken finean, auzolana dela nabarmendu dute. Marikastaña erraldoia horren adibide da, auzolanean egindakoa, eta asteburu osoan zehar auzokideekin batera ibiliko da. 

Aurtengoa, 19. euskaljaia ospatuko dute eta “esan behar da Salbatzaile taldeko kideen lanari esker mantendu da Euskal Jaia” aitortu du Amets Kortazar Salbatzaile Dantza Taldeko kideak. Urte guzti hautean zehar Salbatzaile Dantza Taldea dantza talde bat “baino askoz gehiago” bihurtu da, eta berea egin du hainbatetan erabili ohi den esaldia: Dantzatzen duen auzoa ez da inoiz hilko

“Hil ez dadin, beraz, apurka apurka taldeko gazteei dagokie erreleboa hartzea eta euskal kultura sustatzen jarraitzea Kastaños auzoan, nabarmendu du Naia Garzón Salbatrzaile Dantza Taldeko kideak.