Bilboko 3. epaitegiaren aurrean elkartu dira gaur goizean, hilak 3, Manteroekin bat! plataforma eta bertaratutakoak Ainararen aurkako epaiketa izango delako. “Elkartasuna ez da delitua” eta “Inor ez da ilegala”, besteak beste, oihukatu dute behin eta berriro Epaitegiaren aurrean.
Ainara 2023ko abuztuaren 9an Kale Nagusian mantero lanak egiten ari zen gazte baten aurkako tratu txar poliziala eragozten saiatu zen, eta poliziak egindako akusazio partikularrak hiru urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra eta 3.000 eurotik gorako kalte-ordaina eskatzen du, atentatu eta lesio delituengatik.
Hori dela eta, poliziaren gehiegikerien eta egiturazko arrazakeriaren aurrean, elkartasunez antolatuko direla aldarrikatu dute, eta agerian utzi nahi dute mantero jardueran diharduten pertsonen pertsekuzioa eta judizializazioa: “Manteroen aurkako polizia-abusu arrazistak gero eta ugariagoak eta neurrigabeagoak dira Bilbon.
“Hainbat bilera egin ditugu egungo udal-gobernuko arlo ezberdinetako ordezkariekin, egoera horien aurrean dugun kezkaren berri emateko, eta horiek berriro gerta ez daitezen proposamen zehatz batzuk egin dizkiegu”, adierazi du Manteroekin bat! plataformak eta erantzun gisa administrazioaren isiltasuna eta errepresio handiagoa jaso dutela salatu du.
Plataformak azpimarratu du epaiketa honek ez lukeela Ainararen aurkakoa izan behar, baizik eta Gobernu taldearen eta Bilboko Udaltzaingoaren arduradunen aurkakoa. Poliziaren esku-hartze horien basakeria eta indarkeria salatu dute eta eskatu dute behingoz neurriak har ditzatela.