Euskal Herriko 700 txosnak eta 200 jai batzorde baino gehiagok –besteak beste, Gasteizko Txosnak, Donostiako Piratak eta Bilboko Konpartsak– bat egin zuten pasa den maiatzaren 31n Miribilla parkean, udan izango den txosnen eta herri-jaien aldeko kanpaina abiatzeko. Kanpainak txosnen balio soziala nabarmentzea du helburu: “Txosnak gure kulturaren, auzolanaren eta nortasunaren parte dira. Txosnak babestu beharreko gure izaeraren parte baten gisa ulertzen ditugu, bertsolaritza edo herri kirolak diren bezalaxe”, nabarmendu dute.
Txosnen babesa eta etorkizuna bermatzeko, beraz, ondare immaterialeko kultur ondasun izendatzea eskatu nahi dute jai eragileek, eta horretarako uda osoan zehar sinadurak biltzen ibiliko dira “herriz herri, jairik jai, txosnaz txosna eta kuadrillaz kuadrilla”. Sinatzeko bi aukera egongo dira: Euskal Herriko jai guztietan sinadura orriak egongo dira, eta www.txosnak.eus webgunean ere sinatu ahalko da. Dagoeneko 16.100 sinadura bildu dituzte.
Txosnak: nortasun partekatuaren adierazle
“Txosna bakoitzaren atzean, jende askoren borondatezko lana dago”, adierazi dute eta adin guztietako lagunek jaietarako gune ireki, parte-hartzaile eta herrikoiak sortzen dituztela nabarmendu dute. “Bertan tradizioak elikatzen dira, kultura bultzatzen da, eta auzokideen arteko loturak sendotzen dira”, gaineratu dute. Txosnak festa soila baino askoz gehiago direla aldarrikatu dute: “Gure oroimen kolektiboaren parte nortasun partekatuaren adierazle, tresna politikoak, sozialak eta kulturalak, gure ahotsa”. Hori guztia babesteko elkartu ziren pasa den larunbatean.