Kastaños auzoak 19. Euskal Jaia ospatu du auzolanaren eta kultur transmisioaren aldeko aldarri gisa

Salbatzaile Dantza Taldea 2025ko eka. 3a, 15:03

None
None
None
None
None
None
None

Maiatzaren 30etik ekainaren 1era bitartean, Bilboko Kastaños auzoak 19. Euskal Jaiaren ospakizuna hartu du Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik. Asteburu osoan zehar, auzoa musikaz, dantzaz eta jarduera ugariz bete dugu, eta bizilagunek zein gonbidatu bereziek –Alicanteko Cocentainatik etorritako lagunek, besteak beste– euskal kultura partekatzeko eta auzoko harremanak eta sareak sendotzeko aukera izan dugu. Egitarau anitzak adin guztietarako jarduerak eskaini ditu, eta kaleak jai giro biziz murgildu dira.

Ostiral arratsaldeko pregoiak ireki zuen ofizialki jaia, eta bertan Uribarri Auzolanean plataformaren eskutik irmoki adierazi zen jaiak espazio seguruak izango zirela. Antolakuntzak azpimarratu bezala, ez zela inolako erasorik onartuko, eta halakorik gertatuz gero, Irakatik (uribarriko gazte talde feminista), aurrez prestatutako protokoloa berehala aktibatuko zela.

Aurtengo edizioak hainbat mugarri izan ditu, eta bereziki hunkigarria izan da: lehen aldiz, emakume batek hartu du parte Kaixarrankan. Eta festari kolore berezia gehitu dio Cocentaina (Alacant) herriko Colla De Dolçaines I Tabals Mal Passet eta Muixeranga Penyeta Blanca taldeen parte-hartzeak. Hori guztia, auzolanari esker izan da. Salbatzaile Dantza Taldea ez delako soilik dantza-talde bat, baizik eta antolaketan aktiboki parte hartzen duten musikariak, teknikariak, jostunak, komertzianteak eta boluntarioak biltzen dituen komunitatea. Marikastaña erraldoia, auzolanean sortua, horren adierazgarri bikaina izan da.

Balorazioa oso positiboa izan da antolakuntzaren aldetik: parte-hartzea zabala izan da, giroa bikaina, eta gazteen inplikazioa gero eta handiagoa. Eta beraz, nabarmendu nahi dugu etorkizuna belaunaldi berrien esku dagoela, eta unea heldu dela erreleboa hartzeko eta euskal kultura Kastaños auzoan bizirik mantentzeko.

Bihotz-bihotzez eskerrik asko jaia posible egin duzuen guztiei: auzokideei, dantzariei, komertzioei, talde parte-hartzaileei eta boluntario guztiei. Zuen konpromisorik gabe, hau ez litzateke posible izango. Elkarrekin egindako lana, konpromisoa eta elkartasuna dira jaiaren oinarri sendoak, eta horiek gabe, ezin izango genuke horrelako ospakizunik burutu. Horregatik, auzoak gu behar gaitu, eta guk ere auzolana behar dugu: elkarrekin eraikitzen dugulako bizitza komunitarioa, eta elkarrekin sustatzen dugulako kultura bizia.

Dantzatzen duen auzoa ez da inoiz hilko. Hurrengo urtera arte!