Gure Eskuk Bilboko ekainaren 7ko mobilizazio nazionalerako deia egin zuen hilaren 1ean, igandean, Deiadar mendietatik. Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia eta Oiz mendietako tontorretan eta Matxitxako lurmuturrean adarra jo zuten, aldi berean, eguerdiko 12:00etan. Mezu bera zabaldu zuten ondoren lau haizetara: Gure Eskuk deitutako mobilizazio nazionala, atxikimendu ugari jasotzen ari dena. Mobilizazioa ekainaren 17:30ean abiatuko da La Casillatik, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean.
Gure Eskuk deiadar mendietatik zabaldutako mezuan adierazi zuen Euskal Herria “heldua” dela erabakiak hartzeko: “Hizkuntza eta kultura propioak ditugu. Ez diogu beldurrik etorkizunari. Mundu mailako erronkei heldu nahi diegu erabakiak bertan hartuta, gure errealitatearen arabera, eta gainerako herrien eskutik”. Horregatik, burujabetza tresnak behar dituztela aldarrikatu zuten mendi tontor guztietan egindako ekitaldi politikoan. “Etorkizuna demokratikoki, elkarrekin eta geure aniztasunetik eraikitzeko” garaia dela ozen oihukatu zuten.
Euskal lurraldeen arteko artikulazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats nabarmenak egiteko aukera dagoela dio Gure Eskuk, eta horretarako, ezinbestekoa dela herritarren hauspoa. Hori dela eta egin zuten deiadar mendietatik, euskal herritar guztientzako deia. “Atera gaitezen berriz ere kalera, eta esan dezagun ozen burujabe izan nahi dugula, erabakitze eskubidea gauzatzeko tresnak behar ditugula, unea dela eta aukera aprobetxatu beharra dagoela”, gaineratu zuten.
Larunbatean, beraz, hitzordua egondo da Bilbon: “Hitzordua, geure herriarekin, geure orainarekin eta geure etorkizunarekin. Herri bat gara eta libre izan nahi dugu. Hauxe da gure mezua, hauxe da gure deia: larunbatean elkar ikusiko dugu denok Bilbon”.