UEUko antolatutako IkerGazte kongresuaren seigarren edizioa bukatu zen pasa den ostiralean, hiru eguneko jardunaren ondoren. Edizioak eman duenarekin pozik daudela adierazi dute antolatzaileek: "UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea”.
Guztira, 250 ikertzaile gazte eta ez hain gaztek parte hartu dute, eta hauetatik 151k aurkeztu dute beraien lana. “Apustu handia da IKERGAZTE UEUrentzat, baina erantzuna ikusita, kongresua arrakastatsua izan dela esan dezakegu zalantzarik gabe, eta erreferentzia bat bihurtu dela ikertzaile euskaldunentzat”, nabarmendu du UEUk.
Horretaz gain, elkar ezagutu eta akademiatik kanpoko ekintzak egiteko aukera ere izan dute, eta hori UEUrentzat ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago euskaraz lanean diharduten ikertzaileak hain sakabanatuta egonda.
Edukiak benetan kalitate handikoak izan dira eta aurkezpenak ere maila berekoak izan dira. Artikulu onenak ere saritu dituzte:
- Giza Zientziak eta Artea. Elena Casiriain Iturriria. "Mugalur proiektua: mugaldeetako bizipenak eta mugaren iruditegiak Euskal Herrian"
- Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea. Idoia Landa Reza. "Borondate digitala"
- Zientziak eta Natura Zientziak. Alexander Mirandona-Olaeta. "Elektrolito solido hibrido berriak: sare metal-organiko eta likido ionikoen konbinazioa litio eta sodio baterientzat"
- Osasun Zientziak. Ane Amundarain Iraola. "Aptameroak Mieloma Anizkoitzaren aurkako RNA-n oinarritutako terapien garapenerako"
- Ingeniaritza eta Arkitektura. Jaione Bengoetxea Azurmendi. "Euskara eta gaztelaniazko kontra-narratiben sorkuntza: datuen sorrera eta ebaluazioa"
Ekitaldian Udalbiltzako lehendakariak, Haritz Alberdi Arrillagak ere parte hartu du eta Naia Begiristain Etxezarreta ikertzaileari eman dio Euskal Herriko garapenean eragin handiena duen ikerketa saria, "Dialogoko hirugarren subjektua: herri politikak ko-sortzeko prozesuak demokratizatzeko marko kontzeptuala" artikuluagatik.
Mikroaurkezpen onenak ere saritu ditu UEUk:
- Nora Santos-Loyola. "Belvís de Monroy granito-pegmatita sistemaren karakterizazioa eta zeresana Mazizo Iberiarreko elementu arraroen esplorazioan"
- Izaro Solozabal Azcarate. "Burdinazko nanoimanak: konfigurazio magnetikoa eta biomedikuntza-aplikazioetarako potentziala"