Bilbaobizi bizikleten udal mailegu-zerbitzu berria aurkeztu dute

uriola.eus 2025ko eka. 4a, 09:55

Zerbitzua ekaianren 16tik aurrera jarriko dute martxan eta erabat ezarrita dagoenean, 68 ainguraketa-leku eta 1.250 bizikleta berri izango ditu. Domeketan bizikletaz ekimenaren barruan, Bilbaobizi zerbitzuaren aurkezpen ofiziala egingo dute jai-giroan ekainaren 15ean La Perrerako udal-eraikinaren aurreko zabalgunean.

Bilbaobizi bizikleten udal mailegu-zerbitzu berria aurkeztu zuen atzo, hilak 3, Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak. Zerbitzua ekainaren 16an jarriko dute martxan, eta Abetek azpimarratu du Bilbok aurrerapauso bat emango duela Bilbaobizi zerbitzu berri honekin bizikleta hiriko garraiobide bihurtzeko.

Atzo egindako agerraldian, Bizikletaren Munduko Egunean, zerbitzuaren zenbait ezaugarriren xehetausnak eman zituzten. Guztira, 790 bizikleta egongo dira, datorren urtean, 1.250eko kopurura eilegatuko da. Ainguraketa-puntuen kopurua ere handituko da (46tik 68ra), hiriaren zona altuetan dagoen eskaera handiari erantzuteko, eta badalismotik babesteko  sistema berezi bat izango duen ainguraketa jarriko zaie. Halaber, geltoki birtualak egongo dira, ekitaldien edo obren ondorioz zerbitzuaren erabilera-premia puntualei erantzuteko.

Tarifa bereiziak izango dituzte ohiko eta noizbehinkako erabiltzaileek. Horrek aukera emango du zerbitzua erabilera-denboraren arabera modulatzeko. Ohiko erabiltzaileek urteko 25 euroko kuota ordainduko dute eta noizbehinkakoek, urteko 10 eurokoa. Ohiko erabiltzaileen abonoa kontratatzean, erabilera bakoitzeko kuota gehigarria, erabilitako denboraren arabera, onuragarriagoa izango da noizbehinkako erabiltzaileen kasuan baino. Ohiko erabiltzaileei ere urteko gehienezko muga 72 eurokoa ezartzen da, onura emateko.

Jendeari errate emateko zerbitzuari dagokionez, berrikuntza nagusietako bat arreta-zerbitzua indartzea izango da, kanal anitzeko arretan espezializatutako hornitzaile den GFL (Good Food Land), lanerako zentro berezia, gehituta. GFLk geltoki intermodaleko bulego berri batetik kudeatuko du aurrez aurreko zerbitzua eta kanal ez-presentzialak. Hala, sarbide eroso eta irisgarria izango du sistemako kudeaketa guztietara: altak, bajak, gorabeherak konpontzea eta laguntza pertsonalizatua. 

 

Bizikleta berrien ezaugarriak

Zerbitzuan sartuko diren bizikletak berriak izango dira diseinu funtzionala eta erakargarriarekin, eta punta-puntako segurtasun-elementuekin. Horrela, merkatuko fidagarrienetako, seguruenetako eta iraunkorrenetakoak dira. Segurtasun-mekanismo gisa, bizikletak alerta akustikoa, atzeko gurpileko blokeko giltzarrapoa, GPS lokalizazioa eta lohi-babes deformagarria ditu.

Argi-sistema integratuak segurtasuna emango dio erabiltzaileari ikuspen gutxiagoko orduetan.  Atzeko argi bat izango dute, hiru LED gorri keinukari dituena, eta aurreko argi zuri bat, hiru LED keinukari dituena. 

 

Aurkezpen ofiziala

Domeketan bizikletaz ekimenaren barruan, Bilbaobizi zerbitzuaren aurkezpen ofiziala egingo dute jai-giroan ekainaren 15ean Sabino Arana etorbidean, La Perrerako udal-eraikinaren aurreko zabalgunean. Bertan, bilbotarrek bizikleta berriak probatu ahal izango dituzte eta garraiobide jasangarri eta osasungarri horren inguruan antolatutako jardueretan parte hartu ahal izango dute.