Gure Eskuk dei garbi bat egin die gaur euskal herritarrei larunbateko mobilizazioan “euskal nazioari bultzada emateko, burujabetzaren bidean urratsak egiteko eta erabakitze eskubidea gauzatzen hasteko”. Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean, arratsaldeko 17:30ean abiatuko da La Casillatik
Asteazken honetan, hilak 4, La Casillan egindako agerraldian, mobilizaziora batu diren lagun gehiagoren berri emateaz gain, euskal lurraldeen arteko artikulazioan eta burujabetza osoaren bidean funtsezko urratsak egiteko aukera eman dezaketen prozesu eta eztabaidak zabalik daudela adierazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak.
“Aukera hori aprobetxatu behar dugu; anbizioz eta herri ikuspegiaz jokatu behar dugu denok”, esan du Etxaburuk. Hain zuzen ere, testuinguru horretan, herritarren bultzadaren ekarpena egin nahi du larunbateko mobilizazio nazionalak: “Ezer ez da lortu herri honetan herri aktibaziorik gabe. Eta herri aktibazioa ezinbestekoa izango da, herri gisa aurrera egingo badugu”. Horregatik La Casillan espero dituzte euskal herritar guztiak.
Mobilizazioak irudi bat bilatu nahi duela adierazi dute, gutxitan ikusi egin dena: ikurrinez betetako Autonomia kalea. Horregatik, herritarrei mobilizaziora ikurrina ekartzeko deia egin dute. “Autonomia kalea ikurrinen kalea izango da larunbatean”, azaldu du Mirian Campos Gure Eskuko kideak. “Larunbatekoa herri agerraldi bat izango da. Herri-selfie bat egingo dugu, eta munduak garen modukoak bezala ikusiko gaitu: herri anitz bat, bere hizkuntzaz eta kulturaz harro dagoena, bere ikurrak maite dituena”, nabarmendu du Camposek.
Egun osoko ekitaldi egitarau zabala prestatu du Gure Eskuk Bilbon eguna biribiltzeko eta mobilizazioa festa bihurtzeko: bertsolariak, musika, pailazoak, herri kirolak eta abar izango dira goizetik Bilboko hainbat gunetan. Martxaren bukaeran, bestalde, Sol Band Palestinako taldea ariko da Bilboko udaletxe ondoko oholtzatik.
Sinatzaileak
Euskal Herriko esparru ugaritako dozenaka lagunek agertu diote atxikimendua mobilizazioari, burujabetzaren bideari bultzada eman nahi dion mobilizazioari, hain zuzen ere: kulturgileak, kirolariak, kazetariak, esparru akademikokoak...
Esaterako, euskalgintzako eta euskal kulturgintzako eragileen azken manifestuak atxikimenduak jasotzen jarraitu du azken asteotan, besteak beste: Bengo taldea, Amaia Oceirn, Bulego, Dupla, Anje Duhalde, Harkiatz Cano, Miren Amuriza, Oihana Bartra, Patxo Telleria, Alaia Martin, Albina Stardust, Itziar ituño, Jon Maia, Joxe Mari Agirretxe Kerexeta "Porrotx", Katixa Agirre, Kike Amonarriz, Mertxe Rodriguez Serrano "Marimotots", Skabidean taldea, Uxue Alberdi, Yogurina Borova, ZETAK…
Gizarte eragile ugarik ere bat egin dute: ELA, LAB, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuak, Etxalde mugimendua, Bilgune Feminista, Euskalgintzaren Kontseilua, pentsiodunen mugimendua, EGI eta Ernai gazte antolakundeak...