Osasun, hezkuntza eta gizarte arloko hainbat profesionalek osasun mentaleko gaiei buruzko hausnarketa egingo dute

uriola.eus 2025ko eka. 4a, 16:44

Espainiako Neuropsikiatria-Osasun Mentaleko Profesionalen Elkartearen (AEN-PSM) XXIX. Biltzar Nazionala ospatuko dute ekainaren 5etik 7ra EHUko Bizkaia Aretoan. Inaugurazio-solasaldian, AENren 100 urteak aztertuko dituzte, zuzendaritza batzordeetako emakumeen begiradatik.

Espainiako Neuropsikiatria-Osasun Mentaleko Profesionalen Elkartearen (AEN-PSM) XXIX. Biltzar Nazionala ospatuko dute bihartik, hilak 5, 7ra EHU-ko Bizkaia Aretoan. Bertan, askotariko gaiei buruzko hausnarketa egingo du: jokabide suiziden prebentzioa, haur eta gazteen osasun mentala, bakarkako eta taldeko psikoterapiak, identitateak eta aniztasun sexuala, Adimen Artifiziala eta subjektibotasuna edo sufrimendu psikikoa eta bazterketa soziala.

Kongresuan osasun, hezkuntza eta gizarte arloko hainbat profesionalek hartuko dute parte, Espainiakoak zein nazioartekoak. Horrez gain, AEN-PSM elkartearen “Konplexutasunaren paradigma” Kongresuan elkarteak berak bultzatutako hiru ikerketen emaitzak ere aurkeztuko dira: “Indarkeriak haurtzaroan eta nerabezaroan”, “Babesgabetasunaren Klinika eta zaintzaren etika: osasun mentala eraikuntza kolektibo gisa” eta “Taldeak osasun mental komunitarioaren eremuan: egungo erronkak eta ikuspegiak”.

Kongresuaren inaugurazio-solasaldian, AENren 100 urteak aztertuko dituzte, zuzendaritza batzordeetako emakumeen begiradatik, eta kongresuan zehar “AEN-PSM. Etorkizuna duen osasun mentaleko historia” kartel eta argazkien erakusketa ere ikusi ahal izango da. Erakusketa hau interes historikoko beste irudi batzuekin, proiekzioekin eta arte psikopatologikoarekin osatuko da.

AEN-PSM elkartea 1924ko abenduan sortu zen, eta osasun mentala eta osasun publikoa artatzeko sistema publikoa defendatzen ditu, norbanakoaren eta biztanleriaren osasun mentala sustatzeko oinarrizko tresna gisa. Era berean, giza eskubideak errespetatzen dituzten osasun mentaleko zerbitzuak eta osasun mental kolektiboan esku hartzeko estrategia bat, diziplinartekoa, sustatzen ditu.

Kongresua Osasun Mentalaren Elkartea-Asociación de Salud Mental y Psiquiatría Comunitaria (OME) elkartearen babespean egingo da, AEN-PSM Euskadiko eta Nafarroako ordezkaritza, eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) lankidetzan. Inaugurazioan parte hartuko dute Belén González Osasun Ministerioko Osasun Mentaleko Ordezkariak, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Estitxu Garai EHUko errektoreordeak eta María Fuster Espainiako Neuropsikiatria Elkarteko lehendakariak.