Maestro García Riveroko eskolako tesilatuko harri batzuk askatu egin ziren atzo, ekainak 4, eta patioan erori ziren, ikasleak sartzeko zain zeuden bitartean. Gertaera honen aurrean, Eskolako Guraso Elkarteak, ikastetxeko klaustro eta langileekin batera, beste protesta elkarretaratze bat deitu du biharko, hilak 6, arratsaldeko 16:30ean eskolako atarian.
Eskola-komunitateak jada publikoki salatu zuen eraikinaren egoera ez zela ona, joan den azaroan erlaitzaren zati bat erori zelako. Harrezkero, 450 haur, haien familiak eta irakasleak eskolaren perimetroa babesteko aldamioekin bizi dira, baina aldamioak ezin izan du eragotzi atzo txintxor berri batzuek aurreko patioko zoruan erortzea.
Eskolan gertatutakoaz gain, Campuzanoko Zentroan (salbuespen gisa, obrek eragindako Lehen Hezkuntzako 5 gela hartzen ari da), ekainaren 3an, fatxadako armarriaren zati bat erori zen sarrerako atean pasa den ekainaren 3an eta horrek arriskua eragin zuen.
Segurtasuna arriskuan
Horregatik guztiagatik, beste behin ere, eskola-komunitateak instituzioei (Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza) exijitzen die eskolan segurtasuna berma dezatela. Eskola publikoaren azpiegituren hobekuntzan inberti dezatela eskatu dute, jasaten ari den mantenu eskasaz harago.
Haurren, irakasleen eta ikastetxeko langileen segurtasunak arriskuan jarraitzen duela salatu dute, eta erantzukizunak, berehalako neurriak eta irtenbide errealak, duinak eta sendoak eskatzen dituela, eskola-komunitatearekin planifikatu eta kontrastatu beharrekoak. “Kalitatezko irakaskuntza bermatzeko, premiazkoa da bi erakundeek beren erantzukizuna hartzea eta orain arte hitzeman dituzten baino askoz baliabide gehiago bideratzea”, gaineratu dute.