LABek lanuztera deitu ditu EAEko hezkuntza publikoko irakasleak

uriola.eus 2025ko eka. 5a, 17:27

Pasa den maiatzaren 9an lortu zuen LABek akordioa Hezkuntza Sailarekin, baina LABek adierazi du ez dituela neurriak txertatzeko beharrezko irizpide eta bitarteko guztiak aplikatu.

LABek irakasleen akordio arautzailea sinatu zuen maiatzaren 9an, gehiengo zabal batekin batera, lan baldintzak hobetu, hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza kalitatea hobetuko dituena. Akordioetara heltzeko, LABentzat ezinbestekoa izan da baliabide zein lan zama arintzeko neurriak jasotzea; hau da, hezkuntza publikoa indartu eta kalitatea hobetzea.

Hala ere, LABek adierazi du Hezkuntza Saila medioetan agertu den bakoitzean hezkuntza kalitatea hobetzeko neurrietaz aritu bada ere, puntu gatazkatsua izan dela negoziazio guztian zehar. Hezkuntza Sailaren jarrera salatu du LABek: “Gaur-gaurkoz ez ditu neurriak txertatzeko beharrezko irizpide eta bitarteko guztiak aplikatu, eta, beraz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean, kontrako norabidea hartu du”. Gaineratu du sailak azken asteetan izandako jarrerak ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez dituela sortu, presioaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz.

Izan ere, ikastetxeek izandako kezken aurrean, Hezkuntza Sailak komunikaziorako kanalak ireki eta zalantzak erantzun beharrean, sindikatuak esan du egunak igaro dituela erantzunik eman gabe edo okerreko erantzunak emanez. emanez. Era berean, online bilera bat deitu zuen maiatzaren 23an, zeinetan sindikatuak azpimarratu du zuzendaritzen hitza entzun beharrean, egoera okertu besterik ez zuela egin.

Nahiz eta Jaurlaritza berria izan eta lankidetza diskurtsoa erakutsi, beste behin ere egiteko modu zaharrak azaleratu dituela nabarmendu du LABek: “Borrokaren bitartez erdietsitako akordioa da orain bere osotasunean bete nahi ez duena”.

LABek argi utzi maiatzaren 9an hezkuntza publikoa indartzeko lortutako akordioari eutsiko diola, eta behar bada, bide judiziala zein ekintza sindikala aktibatuko dituela. Hori dela eta, lanuzteak egiteko deia egiten die hezkuntza publikoko irakasle guztiei akordio bete dadin exijitzeko ekainaren 12an 10:30etik 12:30era, Irakasleen akordioa! 2025-26rako ikastetxeak baliabidez hornitu! Hezkuntza publikoa indartu! lemapean. Akordioaren sinatzaileak diren gainontzeko sindikatuei ere hitzarmena bere osotasunean bete dadin exijitzeko mobilizaziora gehitzeko eta elkarlanean jarraitzeko dei egin diete.