Datorren larunbatetik aurrera, ekainak 7, martxan jarriko dira Bilboko hiri-hondartzetako dutxak, EH Bilduren ekimenez. 2020tik, pandemiatik, dauden Arraiz mendiko, San Antonioko, Ibaiederreko eta Etxebarria parkeko hiri hondartzez gain, beste bi toki berritan ere ipiniko dira. Zehazki, Ametzola eta Sarriko izango dira udako natura- eta aisialdi-espazio berriak.
Garazi Perea, EH Bilduko zinegotzia, pozik agertu da, izan ere, hondartza berde horiek “hiri bizigarriagoa lortzen lagunduko dute, bilbotarrek etxetik gertu espazio hauetaz gozatzeko aukera izan dezaten”. Azken batean, hiri-ingurunean dauden espazioak dira, aisialdian erabiltzeko, itzalarekin eta ur-hornidurarekin.
Ametzolako eta Sarrikoko gune berriek bina dutxa izango dituzte –ekainaren 16an, astelehena, jarriko dira martxan–. Arraiz mendian, berriz, hamasei dutxa jarriko dira, San Antonio parkean bost, Ibaieder parkean bi, eta Etxebarria parkean beste bi. Azken toki horretan, gainera, haurrentzako gune bat dago, ur-jolasekin. Dutxa guztiek elektrobalbulak edukiko dituzte, 10:00etatik 22:00etara erabili ahal izateko.
Aisialdi osasungarriko alternatiba
Pereak azaldu duenez, espazio horiek COVIDaren testuinguruan egokitu baziren ere, denborak erakutsi duela oso harrera ona izan dutela, aisialdi osasungarriko alternatiba bat eskaini baitiete herritar guztiei, familiei.
“Krisi klimatikoak hiria eta gure beharrak birpentsatzera behartzen gaitu eta aldaketak beharrezkoak dira baldintza klimatiko berrietara egokitzeko eta gure bizi-kalitatea ahal den neurrian hobetzeko”, azpimarratu du. Ildo horretan, hondartza berdeak helburu horiek lortzeko tresna egokia direla uste du. “Espazio horiek sortzea, itzal eta ur eremuekin, ingurumenarentzat beharrezkoa izateaz gain, herritarren eskaria ere badela, ingurune bizigarriagoa eta iraunkorragoa bilatzen duena”, nabarmendu du.
Hala, Bilboko hiri-hondartzak sendotu eta barruti berrietara zabaltzen dira, hiritik irten gabe udaz gozatu nahi dutenei alternatiba freskagarri bat eskainiz.
Denboraldia, Bilbao Kirolaken kiroldegietako kanpoko igerilekuen denboraldia bezala, irailaren 14an amaituko da.